'Klis-klasikoak Bilduma' aplikazinoa sortu dau Galtzagorri alkarteak
2017-03-20 13:34 KultureaKlis-klasikoak bildumako liburuen aplikazinoak bateratu ditu Galtzagorri alkarteak tresna barri horretan. Umeen artean irakurzaletasuna bultzatzea da asmoa.
2014an sortu eban Klis-klasikoak bildumearen lehenengo aplikazinoa Galtzagorri alkarteak. Bilduma horretan argitaratutako liburuan oinarrituta jaio zan Maria Goikoak Batbirulau! eta, igaz, bigarren aplikazinoa heldu zan, Txan fantasma, hori be izen bereko liburuan oinarritua.
Oraingoan, baina, beste pausu bat egitea erabagi dau Galtzagorrik eta Klis-klasikoak Bilduma aplikazinoa aurkeztu dau. Aurretik plazaratutako aplikazino bietarako (Maria Goikoa Batbirulau! eta Txan fantasma) sarbidea emoten dau. Horrezaz gan, liburuetan oinarrituta aurrerantzean sortzen diran aplikazino barriak be agertuko dira Klis-klasikoak Bilduma app-ean.
Telefono adimendunetan erabilteko, Google Play gunean deskargau leiteke aplikazinoa dagoeneko, doban (hemen). Behin aplikazino barria instalauta, erabiltzaileak aurretik Galtzagorrik plazaratutako beste aplikazino bietarako sarbidea be izango dau, modu automatikoan. Ordenagailurako be egokitu dabe aplikazinoa.
Umeen artean euskerazko irakurzaletasuna bultzatzeko sortu eban Galtzagorrik Klis-klasikoak ipuin-bildumea eta, telefono adimendunetarako aplikazinoei esker, eduki osogarriak gehitu dira. Papelaren dimensino bietatik, pantailearen hiru dimensinoetara salto egin leikie erabiltzaileek. Esaterako, Txan fantasma aplikazinoan, neska-mutilek maskota birtual bategaz olgau leikee, edo jolas herrikoietan parte hartu. Sormena eta ahozkotasuna lantzeko jolasak be badagoz.
Jatorrizko testuaren eta irudien garrantzia indartzen da aplikazinoetan, eta aukera barriak zabaldu, irakurmenaren eta astialdiaren arloetan. Klis-klasikoak bildumako ipuinak 8 eta 12 urte bitarteko umeentzat dirala dino Galtzagorri alkarteak, baina aplikazinoei esker familia guztiak parte hartu leike.
Galtzagorriren esanetan, Klis-klasikoak aplikazinoen bildumea osotutera dator orain aurkeztutako tresna barria, helburu garbi batzukaz: Papela eta teknologia barriak buztartzea, tradizinoa eta modernidadea batzea eta gaztetxuei literaturaz eta astialdiaz disfrutetako aukerea emotea, euskeraz eta euskarri teknologikoen bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!