Bilbo eta Gasteiz arteko mendi-lasterketea, Basque Ultra Traileko lehenengoa

Bizkaie! 2017-02-14 12:25   Kulturea

Barikuan, hilak 24, gauerdian abiatuko dira 159 parte-hartzaileak Arriaga antzokiaren aurretik, Gasteiz helburu. Basque Ultra Trail lehenengoz antolatu da.

Itsas Museoan egin dabe aurkezpena | Ikusi handiago | Argazki originala

Ultra-trailen alorreko zirkuitua da Basque Ultra Trail Series (BUTS) sortu barria. Hau da, mendiko lasterketa luze eta gogorren kategoriakoa. Boladan dagoan modalidade hori Euskal Herrira ekarriko dau BUTSek, Hegoaldeko lau uriburuak batuko dituan ibilbide baten bidez. Lehenengo etapea Bilbo eta Gasteiz bitartekoa izango da, zezeilaren 24tik 26rako asteburuan.

Probearen ganeko ingormazino guztia goizeon emon dabe, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egindako aurkezpenean. Bertan, erakunde publikoetako ordezkariak eta BUTSen arduradunak egon dira. Trail 52 Sport kluba da BUTSen bultzatzaile nagusia.

Bizkaiko eta Arabako uriburuen arteko lasterketea ez dabe bide errazetik egingo: Ganekogorta eta Gorbeiako tontorretatik pasau beharko dabe parte-hartzaileek. Guztira, 110 kilometro eta 10.500 metroko desnibel metatua izango dira. Horri, gauaren iluntasuna eta korrikalarien bakardadea gehitu behar jakoz.

Antolatzaileen esanetan, 26 ordu emongo deutsiez parte-hartzaileei Bilbo-Gasteiz lasterketea amaitzeko. Barikuaren eta zapatuaren arteko gauerdian urtengo dabe Arriaga plazatik, eta Zazpi Kaleetan zirkuitutxu bat pasau eta gero, mendira joko dabe.

Ibilbidean, Araba eta Bizkaiko mendi esanguratsuetatik pasauko dira korrikalariak. Pagasarritik Ganekogortara joango dira lehenengo, ondoren Kamarakatik Gorbeia ingurura joko dabe. Oderiaga aldetik helduko dira Gurutzera igotzeko aldatzetara. Behin Arabako aldean, Ganalto eta Zaldiaran igon beharko ditue, Gasteizera bajatu aurretik.

159 kirolarik emon dabe izena. Mendiko lasterketetan eskarmentu handia eta emoitza onak dituen korrikalariak be badagoz parte-hartzaileen artean: Nuno Silva, Silvia Trigueros, Jon Erdaide, Arkaitz Galindez, Agurtzane Argiarro, Imanol Aleson, Pedro Etxeberria, Carlos Garcia Redondo, Dani Aguirre, Nerea Martinez...

Muturreko kirol-proba bat dala kontuan hartuta, segurtasun neurri bereziak hartuko ditue antolatzaileek. GPSdun txipak emongo deutsiez parte-hartzaileei eta, boluntarioen lanari esker, sare logistiko zabala preparauko dabe. Korrikalari guztiek mediku-azterketea pasau behar dabe.

Bilbo-Gasteiz mendi-lasterketea Basque Ultra Trail zirkuituko lehenengo probea da. Hego Euskal Herriko lau uriburuak batzea da erronkea, mendirik mendi eta etapaka. Azken etapea Bilbora helduko da urriaren 8an eta zirkulua itxiko da modu horretara.

Naturearen eta kirolaren baloreak zabaltzeko asmoz jaio da BUTS, baita Hego Euskal Herriko lau uriburuetako eta lurraldeetako kulturearen, naturearen eta paisaiaren aberastasuna bultzatzeko be. Lasterketeak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izaten ahaleginduko dira.

Shebe Peñari omenaldia egingo deutsie antolatzaileek. Izan be, 1953an, mendizale tolosarra Bilbotik abiatu zan, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea oinez lotzeko asmoz. 93 orduan bete eban 400 kilometroko bidea.

Ganera, BUTSen urteereagaz bat eginda, Mendiko Uria ipiniko dabe Bilbon zezeilaren 24an eta aurreko egunetan. Karpa horretan, mendiko lasterketen inguruko azoka txikia, berbaldiak, erakustaldiak, tailerrak eta abar egongo dira. Bailen kalean, geltokiaren aurreko zabalgunean, egongo da Mendiko Uria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu