Bilboko Udalak Iralabarri auzoaren historia irudietan erakusten dauen bideoa aurkeztuko dau

Bizkaie! 2017-01-24 08:07   Kulturea

Uriko txoko bereziari hasierea emon eutson auzunea eregi zanetik mende bat beteten danean emongo dabe bideoa urtarrilaren 24an eta 26an, Osasun eta Kontsumo Sailaren egoitzan, hiru saio egunero, 17:00etan, 17:45ean eta 18:30ean, sarrera libreagaz.

Oraindino be hilaren amaierara arte Kirikiño etorbideko plazan ikus daitekeen Iralabarri: auzo baten bizitzan, mendeurrena erakusketearen jarraipen legez, Bilboko Udaleko Kultura Sailak, bertako lehenengo auzunea eregitea amaitu zanetik mende bat beteten danean, Bilboko txoko berezi horren historia erakusten dauen Iralaren ametsa ikus-entzunezko lana aurkeztuko dau datorren astean.

Bideoak, 30 minutuz, gure uriko auzo berezienetakoaren eta gitxien ezagutzen danetakoaren historia erakusten dau. XX. mendearen hasieran Juan José Irala industria gizonak Harino Panadera lantegia eregi eta garai haretako asmo handiko urigintza proiektua martxan jarri ebanean sortu zan auzoa. Ez dira ahaztu behar geroago eregitako beste gune batzuk, Torre Urizar, besteak beste. Oraingo honetan, ikerlariek eta historiagileek, baina baita auzoko persona anonimoek bere, euren lekukotza eta bertako historiaren ganeko ezagutzea eskaini dabe, Bilbon gitxien ezagutzen dan txokoetako baten azken garaietako historiaren ganeko ikus-entzunezko lan hori egiteko.

Iralaren ametsa lanaren emonaldiak urtarrilaren 24an eta 26an izango dira Osasun eta Kontsumo Sailaren egoitzan (Harino Panadera eraikina). Egunero hiru saio eskainiko dira, 17:00etan, 17:45ean eta 18:30ean (sarrerea librea). Horrezaz gan, ikus-entzunezko lana Bilbao Kulturaren webgunean eta youtuben dagoan Bilbao Kulturaren kanalean ikusi ahal izango da zezeilaren 6tik aurrera.

Bilbao Izan programako proposamen barriaren jatorria Irala 100 urte batzordearen ekimen batean dago. Hainbat hilebetez, joan dan zemendian Kirikiño etorbideko plazan inaugurau zan erakusketea osotzen daben argazkien eta bestelako dokumentuen bilaketea sustatu dau batzordeak, eta orain ikus-entzunezko lan hau gehituko jako. Material horreek Iñaki Llamas Iralabarriko auzokideak batu, gorde eta sailkatu ditu, eta bera da, Arantza Pareja ikerlari eta UPV/EHUko Historia Garaikide irakasleagaz batera, erakusketearen komisarioa.

Iralabarri: auzo baten bizitzan, mendeurrena erakusketeak Iralabarri auzoaren panoramikea eskaini nahi dau, jatorrietatik gaur egunera arte, ogi usainez sortu zan txoko berezi horren jatorrizko gunearen eraikuntzearen amaieratik mende bat beteten dan urtean, hain zuzen bere. Erakusketeak, auzoaren jatorriari, Juan José Irala ameslariaren ezinbesteko lanari, eregi zan etxebizitza mueteari, enpresa gizonak umeen osasunaren eta hezkuntzearen aurrean eban ardureari, alkarte mobimentuei eta auzoaren urigintza eta arkitektura berezitasunei buruzko irudi eta azalpen testuak batzen dituen formatu handiko hamabi panel ditu.

Asteon aurkeztuko dan bideoaren trailerra ikusgai dago Bilbao Izan programearen webgunean www.bilbaoizan.eus eta esteka honetan: https://www.youtube.com/watch?v=C8CoQ6ng0-E

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu