Antzerki amateur eta erdi-profesionala ardatz, martxan da Bilboko Zirkuitua

Bizkaie! 2017-01-23 13:05   Kulturea

Hamabi konpainiaren hamasei emonaldi dagoz Bilboko Zirkuituaren egitarauan, urteko lehenengo hiruhilekoan. Hilaren 26an hasiko dira emonaldiak.

Parasite kolektiboaren 'Hot water' ikuskizuna (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Zirkuituaren XVI. edizinoa da honako hau. Arte eszenikoen alorrean, amateurrek edo erdi-profesionalek osotutako bertoko taldeen jarduerea bultzatu nahi dau Bilboko Udalaren programa horrek. Eguen honetan hasiko da urteko lehenengo fasea, eta apirilaren 6an amaitu.

Urteko lehenengo hiruhilekoko programazinoan, gizarte alorreko ikuskizunak, hainbat genero batzen dituen emonaldiak eta abar egongo dira. Euskerazko zein gaztelaniazko ikuskizunak dagoz tartean.

Urtarrilaren 26an, zikloari ekiteko, Abando–Barrainkuako udaltegian, Bea Insa eta Leyre Berrocal antzezleen Vidas pasadas antzezlana ikusi ahal izango da. Umorez betetako proposamena eskainiko deutsie ikus-entzuleei: Kazetari hiperestresatu batek, erabateko krisi existentzialean dagoan antzezlea alkarrizketatuko dau. Ikuskizuna martiaren 27an be ikusi ahal izango da, Otxarkoagan.

Bilboko Zirkuituak urteko lehenengo hiruhileko honetarako atondu dauen programazinoaren barruan, proposamen bi azpimarratu ditu Udalak. Alde batetik, Jose Cruz Gurrutxagaren Declaración de Guillermo, 1960ko hamarkadearen amaieran Kordobatik Bilbo inguruko herri batera, fabrika baten lan egitera, heltzen diran  etorkin biren istorioa. Arriaga antzokiko Gelatxoak zikloan ikusi ahal izan da obra hau lehenago.

Beste alde batetik, azpimarratzekoa da Parasite Kolektiboaren Hot water, antzerki fisikoa lantzen dauen ikuskizuna, BilbaoEszenaren laguntzinoagaz produzidutakoa. Bilboko BAD Jaialdiaren azken edizinoan aurkeztu zan. Lan hori zezeilaren 3an ikusi ahal izango da Errekaldeko udaltegian.

Urteko lehen hiruhileko honetan, euskerazko pieza bakarra programau da. Anabasa konpainiaren Immanuel Kanten azken egunak Begoñan eta Errekalden ikusi ahal izango da. Programazioa osotzeko, Bilboko Zirkuituan barriak diran antzerki taldeak dagoz: Indeed a Hero, Opera Prima, Alopargo Teatroa, edo Tokotuboca. Baita aurreko edizino batzuetan parte hartu izan daben  A Trompicones, Con la que está cayendo eta Lokal Antzerki Taldea be.

Kultura Sailak eta Baliabide Eszenikoen BilbaoEszena Zentroak antolatutako Bilboko Zirkuitua programearen bidez, aukerea emoten jake sortzaile barriei euren lanak eszenan agertu eta ikus-entzuleen aurrean antzezteko. Ganera, auzoetan jantza eta antzerki alorreko proposamen barriak disfrutetako aukerea emoten deutsie herritarrei.

Orain dala hamar urte baino gehiago martxan jarri zanetik, zabalduz eta emonaldi eta eszenatoki kopurua handituz joan da Zikuitua. Uriko auzo batzuetan, urte osoan hartzen daben arte eszenikoen eskaintza bakarra da.

Programazinoan formatu txikiko lanak aurkezten dira. Aurreko edizinoetan legez, emonaldiak urtarrileko, zezeileko, martiko eta apirileko eguenetan eta barikuetan izango dira, arratsaldeko 19:30etan. Sartzea doban da.

Programazino osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu