Helena Goñiren erakusketeagaz hasi da Barriek 2017 programea
2017-01-23 10:05 KultureaBizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Bekak jaso dituen artisten lanak Bilboko Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan egongo dira ikusgai.
Helena Goñi, Damaris Pan eta Andrew Gangoitiren banakako erakusketak hartuko ditu Rekalde Aretoaren Barriek 2017 zikloak. Baita taldekako beste hiru erakusketa be: Atakontu taldearena (Ibai Leon eta Sara Campillo), Magmadam taldearena (Itziar Markiegi, Miriam Petralanda eta Aitor Villanueva) eta Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruiz bikotearena.
Hile birik behin aldatuko dabe erakusketea eta, holan, txandaka, 2017 osoa hartuko dau Barriek 2017 programeak. Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan ipiniko ditue artelanak. Kaletik ikusi leiteke areto hori, leiho handi bati esker. Ganera, erakusketetara sartzea doban da.
Lehenengo erakusketea Helena Goñirena da, dagoeneko ikusgai dago, martiaren 5era arte. Tell me how close we are to a riot izenburupean, argazkigintzeagaz esperimentau dau Goñik. Danetariko formatuak eta teknikak erabili ditu bilduma horretan: bat-bateko argazkiak, digitalak, analogikoak... Goñiren bizitzeak eta ikuspegi artistikoak zelako garapena izan daben agiri da argazkietan, beraz, erakusketak badauka alderdi personal bat.
Helena Goñi 1990ean jaio zan Bilbon. EHUn Arte Ederrak ikasi zituan eta Londresen osotu eban bere formakuntzea. Argazkigintzea lantzen dau batik bat. Bakarkako lehenengo erakusketea 2015ean egin eban. Igaz, Barakaldoko Baffest jaialdiko lehenengo saria irabazi eban, baita GetxoArtekoa be. Behind Blue Eyes proiektua egiteko Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoa jaso eban eta Barriek bekarako aukeratu eben.
Helena Goñiren bakarkako erakusketea amaitu eta gero, Atakontu taldearenak hartuko dau lekukoa Kabinete Abstraktuan, martiaren 7tik apirilaren 30era. Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruiz izango dira hurrengoak, maiatzaren 3tik bagilaren 25era. Uda partean, Andrew Gangoitiren lana egongo da ikusgai eta, irailaren 5etik zemendiaren 5era, Magmadam kolektiboarena. Amaitzeko, Damaris Pan mallabiarraren obrak ipiniko ditue, zemendiaren 7tik 2018ko urtarrilaren 7ra.
Barriek programea Bizkaiko Foru Aldundiak urtero antolatzen dauen sorkuntza beken deialdia da. Bizkaikoak diran edo Bizkaian lan egiten daben artisten lana babestu eta bultzatzeko egitasmoa da, batez be euren ibilbidea hasten dagozan sortzaileak aintzat hartuta. Rekalde Aretoko erakusketa zikloan erakusten dira gero, bekeari esker egindako artelanak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!