AZ Play bideo joko independenteen lehiaketara 250 lan aurkeztuko dira
2016-10-11 08:50 KultureaZazpigarren edizinoa beteko dau zemendian Bilboko Azkuna Zentroak antolatutako nazinoarteko lehiaketa horrek. Parte-hartzaileak 47 herrialdetatik etorriko dira.
Bideo joko independenteen sektorean erreferente bihurtu da AZ Play, munduko zaleentzat zein bertoko enpresentzat, lehiaketearen antolatzaileek nabarmendu dabenez. Urtetik urtera hazten doan jaialdia dala dinoe. Izan be, lehenengo edizinoan 47 proiektu aurkeztu ziran eta aurtengoan, 47 herrialdetatik etorritako 250 inguru. Igaz baino % 58 gehiago da hori.
AZ Playren helburua bideo joko independenteen produkzinoak aurkeztu eta bultzatzea dala dinoe antolatzaileek. Originaltasuna, sormena eta barrikuntzea batzea da asmoa, Azkuna Zentroaren balioakaz bat etorrita. Euskal Herrian sektore hori bultzatzeko, bertoko enpresen alde be egiten dau AZ Playk.
Lehiaketako sariak bost kategoriatan banatuko dira: Jatorrizko idearik onena, diseinu sortzailerik onena, soinu musikarik onena, jolasteko erraztasunik onena eta euskal bideo jokorik onena. Alor bakotxean 5.000 euroko saria emongo da.
Hori guztiori baloretako eta sariak nori emon erabagitzeko, nazinoarteko adituek osotutako epaimahaia izango dau AZ Playk. Bideo joko independenteen industriako, komunikabide espezializaduetako eta mundu akademikoko kideak izango ditu epaimahaiak. Jana Palm, Koldo Gutiérrez, Lara Sánchez eta José María Martínez ibiliko dira zeregin horretan.
Zemendiaren 23tik 27ra egingo dabe AZ Play, Azkuna Zentroan bertan. Lehenengo egunean, saio laburretan, parte-hartzaile bakotxak bere proiektua azalduko deutse epaimahaiari eta publikoari. Hilaren 24an izango da sari banaketa ekitaldia. Ganera, jaialdia martxan dagoan bitartean, sail bakotxeko finalisten proposamenak ezagutzeko aukerea izango da Azkuna Zentroan. Hainbat dispositibotan (ordenagailuak, tabletak eta abar) instalauko ditue jokoak, bisitariek erabili daiezen.
Bestetik, euskal bideo jokoen industriako barrikuntzak erakutsiko deutsiez atzerritik datozan adituei. Ikasleei zuzendutako tailerrak be antolatuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!