Ja! jaialdiaren saria emon deutsie John Cleese ingelesari

Bizkaie! 2016-10-10 08:13   Kulturea

Monty Python taldeko kideari omenaldia egin deutso Bilboko Ja! umorearen jaialdiak eta haren ibilbide oparoa gogoratu dau, Campos antzokian egindako ekitaldian.

John Cleese, Bilbon jasotako saria eskuan | Ikusi handiago | Argazki originala

Jaialdiaren zazpigarren ekitaldiko protagonista nagusia izan da John Cleese (Somerset, Ingalaterra, 1939). Bilboko Campos antzokia goraino bete da umoregile ingelesari saria emoteko ekitaldia ikusteko. Izan be, 20. mendeko bigarren zatiko talde barritzaileenetako bat izan zan Monty Python. Britainia Handiko telebistan saio arrakastatsua egin eban Monty Pythonek urte askoan eta, ondoren, umorezko film ezagun batzuk be estreinau zituan, ospetsuena Brian´s life.

John Cleese bera taldeko kide ezagunena bihurtu zan. Ganera, Monty Pythonen ibilbidea amaitu zanean, bere aldetik segidu eban hainbat proiektutan. A fish called Wanda filmean agertu zan, besteak beste. Bilboko ekitaldian Cleesek esan dauenez, gaur egun umorezko jarduna albo batera itxita dauka eta mundua ulertzeko hainbat jakingarri ikasten dabil.

Cleeseren eszena nabarmenenetako bat Ministry of Silly Walks edo Ibilera Ergelen Ministerioarena izan zan, Monty Pythonen sasoikoa. Horko ibilera arraroak gogoan hartuta, aurresku berezia eskaini deutsie jantzari batek eta txistulari batek. Holan hasi da Campos antzokiko ekitaldia, jentearen txaloen artean. Ondoren, Joaquín Reyes eta Ernesto Sevilla aktore espainiarrek Ja! jaialdiaren oroigarria emon deutsie Cleeseri. Amaitzeko, umorearen eta bizitzearen ganean gogoeta ugari plazaratu ditu aktore ingelesak, Rubén Amón kazetariak egindako alkarrizketan.

Honenbestez, Ja! jaialdiak saritutako nazinoarteko autore handien zerrendan sartu da John Cleese. Aurreko edizinoetan, Tom Sharpe, Francisco Ibáñez, Ismail Kadaré, Julian Barnes eta abar omendu ditue jaialdian.

Beste alde batetik, asteburuan bertan amaitu da Ja! jaialdiaren aurtengo edizinoa. Amaiera ekitaldian, Imanol Uribe zinemagileak gogokoen dituan umorezko eszenen errepasoa egin dau. Juan Bas jaialdiko zuzendaria izan da saioko aurkezlea. Beraz, Ja! jaialdiak datorren urtera arte agur esan deutse umorezaleei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu