Hamaika serie eta programa estreinauko ditue Gasteizko FesTVal jaialdian

Bizkaie! 2016-09-05 11:48   Kulturea

Gasteizko VIII. FesTVal Telebista Jaialdia irailaren 5etik 10era arte egingo da. Danetara, hamalau telebista katek baieztatu dabe parte-hartzea: TVE, Antena 3, La Sexta, ETB, Discovery Max, MTV, Ten, # 0, Flooxer, Fox, Paramount Channel, DKiss, History Channel eta France 3.

Joseba Fiestras, FesTValeko zuzendaria | Ikusi handiago | Argazki originala

2016ko FesTVal jaialdiaren programazinoan 11 serie eta saioren erabateko estreinaldiak eskainiko dira, bai eta umeentzako programak, zuzeneko aurkezpenak eta kirol jarduerak. 

Ikus-entzunezkoen alorreko profesionalentzako programazino berezia antolatuko da. Estreinaldiak dobakoak izango dira baina konbidapena beharko da.

FesTVal jaialdiaren 2016ko edizinoak egoitza nagusi bi izango ditu: Principal antzokian estreinaldiak eta amaiera gala egingo dira; Europa biltzar etxean, aurkezpenak eta prentsaurrekoak eta ProFesTValeko programazinoa; Eskoriatza-Eskibel jauregia be erabiliko da. Irailaren 10ean egingo da FesTValaren amaierako galea, Principal antzokian eta Luis Larroderak egingo ditu zuzendari eta aurkezle lanak.

Ganera, hainbat sari banatuko dira: Joan Ramón Mainat sariak, Kritikearen sariak, EITB saria, Espainiako Gidoilarien Sindikatuak emoten dauen Alma saria, eta Dirige TBko fikzino zuzendarien alkartearen saria.


PROFESTVAL, euskeraz be bai

ProFesTVala ikus-entzunezkoen profesionalei eta ikasleei zuzendutako jaialdi paraleloa da; Europa biltzar etxean egingo da osorik, eta doban hartu ahalko da parte, aldez aurretik izena emonda.

Aurtengo edizinoaren barrikuntzetako bat euskeraz egingo dan jardunaldia izango da, Eutsi Telebistari! izeneko biltzar txikia. Ikus-entzunezkoen ikasleei eta euskal produkzino etxe eta profesionalei zuzendutako alkargunea da, eta urtez urte hazten joatea da asmoa, mahai-inguruak, maisu eskolak, berbaldiak eta profesionalen topaketak eginez. ETBren eta Eiken Basque Audiovisual alkartearen partaidetzeagaz antolatu da.

Aurtengo programazinoan, euskal aktoreen mahai-ingurua antolatu da, Euskaditik kanpo serieetan izandako esperientziak eta lan egiteko moduak kontau deiezan; Goenkaleri omenaldia egingo jako, eta berbaldiak izango dira, besteak beste, formatu/serie arrakastatsu bat zelan garatu azaltzeko. Azkenik, Eiken Basque Audiovisual alkartearen topaketea egingo da; erakunde horren helburua talentua sustatzea da, EikenTALENT-en eta talentu bankuan garatutako lana abiapuntutzat hartuta. 9. edizioaren proiektu finalisten pitching edo aurkezpen saioa eta aurtengo irabazlearen aurrerapena be egingo dira.


Udako zinemea, Movistar + Tour

Aurten be, Movistar + konpainiak Espainia plazea hartuko dau irailaren 9an eta 10ean udako zinema handia jarteko: goizez eta gauez saioak, film arrakastatsuak eta serieak proiektauko ditue. Sarrera dobakoa izango da, lekuak bete arte.


Gastronomia FesTValean

Ohikoa danez, FesTValak uriko zein Euskadiko eta estaduko erakundeakazko lankidetzea sustatzen dau. 2016ko edizinoan, Gasteiz On alkarteagaz lankidetza hitzarmena barrituko da, alkartearen barruan dagozan saltokietan eta ostalaritza-establezimenduetan promozino jarduerak eta zozketak egiteko. Gastronomiak be lekua izango dau programazinoan, zehatz esateko, FesTVal menuen ibilbideagaz: Euskadi Gastronomika produktu klubaren, Bacalao Giraldo etxearen eta Arabako Txakolineko upeltegien laguntzinoagaz menuak eskainiko ditue, 10 euroan.

Azkenik, FesTValak beste lankidetza hitzarmen bat sinatu dau Zaragozako ikus-entzunezkoen prestakuntzako CPA Salduie fundazinoagaz, bertako ikasleek praktikak egin deiezan; Apika-Arabako ikus-entzunezkoen produktoreen alkarteak be lagunduko dau.


EITB Saria Anne Igarteburuk jasoko dau

EITBk telebista munduko persona bati autortzea egiten deutso urtero Gasteizko FesTVal jaialdian eta, aurten, Anne Igartiburu aurkezleari emongo deutso.

Jaialdiak, barriz, sari berezi bat emongo deutso ETB2 kateko El conquistador del fin del mundo saioari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu