'Denporea' ardatz hartuta dator X. Getxophoto
2016-07-19 13:40 KultureaX. Getxophotok, Bilboko Euskal Museoaren kolaborazinoagaz, lehen euskal emakume argazkilariari omenaldi bat eskainiko deutso, hau da, Eulalia Abaitua bilbotarrari (1853-1943).
Denporearen joana, eta argazkilaritzeak hori zelan islatzen, iradokitzen edo komuniketan dauen izango da Getxopohoto, Argazki Jaialdiaren hamargarren edizinoaren gaia, eta aurten hogei bat erakusketa eta jarduera ugari eskainiko ditu irailaren 1etik urriaren 2ra bitartean. Edizino berezia izango da, Jokin Aspuruk, Jaialdiko zuzendariak komisariatuta, aurreko edizinoetako zuzendari artistikoen laguntzinoagaz, hau da, Alejandro Castellotegaz, Frank Kalerogaz eta Christian Caujollegaz alkarlanean.
Begihandi alkarteak antolatzen dau ekimena, hainbat erakunde eta enpresaren laguntzinoagaz, horreen artean, Getxoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzearen, Kultura Ministerioren eta BBKren laguntzinoagaz, tokiko eragile ugariren partaidetzeagaz batera. Ekitaldiaren aurkezpenean, Amaia Agirre, Getxoko Udaleko Komunikazinoko zinegotziak nabarmendu dau Udalak jarraitu egingo dauela jaialdia babesten, Getxoren ikuspegi unibersala zabaltzen dauen kultura-erakustaldi barritzailea dalako, Getxophotok bere lekua finkatu dau korronte artistiko abangoardistenen ispilu lez. Nazinoarte mailako ezagutza eta dibulgazinorako ekitaldi kulturala da, eta gure udalerriaren ekonomia eta turismoa sustatzeko beste jarduera bat gehiago. Horregaitik, herritar guztiak konbidatzen doguz jaialdi honetan parte hartu deien.
Getxophotok hasieratik ohikoak ez diran erakustokien aldeko apustua egin dau eta topaketea gozetako eta hausnarketea egiteko espazio publikoaren defentsa be egin dau. Hori dala eta, erakusketa gehienak kanpoaldean izaten dira. Hamar urteko ibilbidean, ia berrehun erakusketa egin dira udalerriko toki desbardinetan, munduko txoko guztietatik etorri dira ehunka profesional, besteak beste, kritikari, irudiaren teoriko, argazkilari eta hamaika mila ikusle. Jokin Aspuruk eragile anitzen, eta batez be Getxoko udalaren partaidetzea eskertu dau horreen bitartez aurrera eroan daitekeelako Jaialdia, eta nabarmendu dau bere ibilbidean Jaialdiak erakundeek eta tokiko eragilek osotutako ekosistemea lortu dauela irudiaren eta artearen inguruan eta horrek zentzua emoten deutsola, Hori da guretzat garrantzitsuena eta gaia aurten denporea izatea oso erraza izan da, guztiongan dauelako eragina, eta ganera oso egokitzat jo dogu Jaialdiaren hamargarren urtebetetzea izango dalako.
Erakusketak
Irailaren 1etik urriaren 2ra bitartean erakusketek ikusgai jarriko ditue egile nabarmenduen eta promesa gazteen lana. Lanen gaia denporearen joana izango da ikuspegi desbardinetatik, horreen artean hurrengoenak: Ori Gersht israeldarrak ateratako loreen detonazioak (Blow Up); Koreako Bohnchang Kooken munduko hainbat hoteletan erabilitako xaboien tipologiak (Soap); Anna Katharina Scheidegger suitzarrak lan egin dau Suitzako Alpeetako glaziarren urtzean denporearen kontrako burrukea islatzeko (Glaciers Couverts); Argentinako Irina Werningek erakutsiko ditu antxinako argazkiak (Back to the Future) eta Papelezko erlojuak marrazkien erakusketea, Alzheimera daben personek oroimen galduko tailer batean egindakoak, Nafarroako Punto de Vista Jaialdiak lagata, eta Jokin Aspuruk hunkigarritzat jo dituanak. Gainera, Getxophotok, Bilboko Euskal Museoaren kolaborazinoagaz, lehen euskal emakume argazkilariari omenaldi bat eskainiko deutso, hau da, Eulalia Abaitua bilbotarrari (1853-1943).
Punta Begoña Galeriak Jaialdiko gune nabarmenetako bat izango da, erakusketakaz, gidatutako bisitakaz, eta pelikulen proiekzinoakaz hogei bat ohetatik ikusteko. Areto nagusian hasierako eta amaierako itxialdiak izango dira.
Gainera, aurten eta UTOPIAN zentroagaz dagoan alkarlanari esker, erakusketa ibiltari bat izango da herritik, zortzi aktoreren eskutik.
Jarduerak
Antolatutako jarduerak hile osoan zehar izango dira, horreetariko asko lehenengo astegoienean, irailaren 1etik 4ra, izango diran arren. Egun horreetan hasiera ipiniko deutsie Jaialdiari, parte hartzen daben egile batzuen presentziagaz eta zuzeneko ekintzak izango dira, baita hainbat berbaldi, proiekzino, tailer eta abar bere. Aurten be Getxophotok astebururo gidatutako bisitak eskainiko ditu, edontzi-azpikoen ibilbidea ostalaritzako lokaletatik (Getxotik eta Bilboko Alde Zaharretik eta Bilbao La Viejatik) eta Photowalk, Zarautzeko Photomuseumerako bisita bategaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!