Ertibil erakusketa ibiltaria, Durangon

Bizkaie! 2016-07-18 08:10   Kulturea

Ertibil 2016 ikus-arteen erakusketa ibiltaria Durangon izango da garagarrilaren 19tik abuztuaren 11ra bitartean, Arte eta Historia Museoan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera eta Kultura Sailaren ekimenez antolatutako Ertibil erakusketearen 34. edizinoa da. Ikus-arteen eremuan aspaldi sortutako proiektua da, eta bertan, arlo artistikoko gazte sortzaile eta barritzaileenak zein jokera barri sortzaileenak batzen dira, baita kultura eta artea sortu eta zabaltzeko beharrezkoa den erakundeen bultzadea be.

Programearen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldean lan egiten daben talentu sortzaile barriak agertzea sustatu eta bultzatu nahi dau, eta, era berean, aukeratutako artisten lanak zabaldu eta horreei balioa emotea lortzen dau.

Ertibilen 34. edizinoan 109 proposamen jaso dira. Guztiek egungo gizartearen ikuspegia emoten dabe, eta jokera abangoardistenen erakusgarri dira. Amaia Gracia (lehen saria), Irantzu Yaldebere (bigarren saria) eta Helena Goñi (hirugarren saria) sarituen lanak dagoz ikusgai erakusketan, bai eta Carlos Alza, Nora Aurrekoetxea & Laura Ruiz, Leonardo Burge Badiola, Urtzi Canto, Marion Cruza Le Bihan, Arantxa Escondrillas Ugartondo, Iñigo Garatu, Eduardo Hurtado, Miriam Isasi, Jone Loizaga, Uxue Lopez Iruretagoyena, Gemma Martin Valdanzo, Edurne Martinez, Estela Miguel, Damaris Pan, Karla Tobar Abarca eta Diego Vivanco artista gazteenak be.

Durangon amaitu ostean, Lekeitiora joango da Ertibil eta abuztuaren 17tik irailaren 5era bertako Barandiaran aretoan egongo dira lanak ikusgai. Aurrerago Santurtzin, Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Derion, Ermuan, Igorren eta Elorrion izango da Ertibil erakusketea ikusteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu