Makailaoa protagonista Kurik aldizkariaren bigarren zenbakian

Bizkaie! 2016-07-14 12:10   Kulturea

Santa Katalinako koban urteetan zehar egindako indusketa arkeologikoetako emoitzak, Lekeitioko Udal Artxiboan topautako Ternuan izan ziran Hego Euskal Herriko arrantzaleen dokumenturik zaharrena edo Santi tabernako errezeta liburua haso ditue.

Kultur ondarea jorratzen dauen Lekeitioko Udalaren aldizkariaren bigarren zenbakian makailaoa da gai nagusia, eta horren inguruan landutako hainbat artikulu batu ditue, hasi Santa Katalinako koban urteetan zehar egindako indusketa arkeologikoetako emoitzak (bertan topau eben makailao baten hazur arrastorik zaharrena Europan), Lekeitioko Udal Artxiboan topautako Ternuan izan ziran Hego Euskal Herriko arrantzaleen dokumenturik zaharrena, hain zuzen makailaoaren harrapaketearen ganekoa, edo Santi tabernako errezeta liburua.

Makailaoaren ganeko artikuluez gan, kostaldeko herrien arteko gorabeherak islatzen dituen artikulu bi batzen ditu Kurik aldizkariak, bata, Aeroplano bi pasa-ta... kantuaren ingurukoa eta, bestea, estropaden ganekoa.

Horrezaz gan, Lekeitioko Parrokiako musikoen ganeko jakingarriak, kabanei buruzko artikulua, talaieroen ganekoa, Eusko Jaurlaritzeak Lea ibai-arroan bertako ondare historiko aberatsa jagoteko egin asmo dauen planari buruzko erreportajea, liburu barrien ganeko erreseinak eta beste hainbat idatzi, ia 200 oriko liburu bat osotzeraino.

Urtekari moduan jaiotako aldizkaria herriko kultur ondareaz arduratzen da, ondarea esaten danean bere esangurarik zabalenean ulertuz, historia, ohiturak eta bestelakoak, gaurkoak eta aspaldikoak.

Bestalde, aurkezpenagaz batera, aldizkaria osotzeko erabili izan diran hainbat irudiren erakusketea izango da Barandiaran aretoan bertan. Hau guztia ikusteko plazako Barandiaran aretoa astegoienean zabalik egongo da honako ordutegian: 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:30era.

Hilaren 15ean, barikuan, arratsaldeko 18:30ean, Lekeitioko Barandiaran aretoan, Kurik aldizkariaren aurkezpena izango da. Kurik 20 euroan salduko da ohiko tokietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu