Diego Vivanco eta Cristian Villavicencio artistak aukeratu ditu Guggenheimek New Yorkeko egonaldirako

Bizkaie! 2016-06-20 08:35   Kulturea

Urtero legez, bertoko artista hasibarri biri New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoan egonaldia egiteko aukerea emongo deutsie urrian. Bilboko Guggenheimek azaldu dauenez, aurten Diego Vivanco eta Cristian Villavicencio joango dira Amerikara.

New Yorkeko Guggenheim Museoa | Ikusi handiago | Argazki originala

2014ko abenduan hitzarmena sinatu eben Bilboko eta New Yorkeko museoek, alkartruke hau martxan ipinteko. Horren arabera, erakunde biek proiektuak antolatzen ditue lankidetzan. Esaterako, urtero EAEko artista hasibarri bi New Yorkera joaten dira, hango giro artistikoa ezagutzera. 

Diego Vivanco eta Cristian Villavicencio lau astez egongo dira New Yorken, urrian. Uriko giro artistikoa hurretik ikusteko eta Amerikako arte-komisario, erakunde eta artistak ezagutzeko aukerea izango dabe. Bakotxak 2.500 euroko diru-laguntzinoa jasoko dau. Igaz, programa honen bidez, Carla Tobar eta Alain Urrutia egon ziran New Yorken.

Diego Vivanco Bilbon bizi da eta Arte Ederretan lizentziaduna da. Alemaniako Leipzig eta Halle urietako unibertsidadeetan be ikasi dau. Instalazinoak, bideoak eta argazkiak dira bere lanaren oinarria. Arte-arduradunen liburutegia ekimenaren barruan, Vivancoren artelanak Bilboko Guggenheimen erakutsiko ditue eta Alemaniako hainbat uritan be bai.

Cristian Villavicencio be Bilbon bizi da, eta bertan egiten dau lan. EHUn tesi-ikerketea egiten dabil, mobimentuan dagozan irudien materialtasuna aztertzen. Bilboko Guggenheimen eta Rekalde aretoan ez eze, Argentinako uriburu Buenos Airesen be erakutsi izan dau bere obrea.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu