Passion for Knowledge 2016: zientzia eta kulturea pasinoa diranean

Bizkaie! 2016-06-17 06:34   Kulturea

Pedro Miguel Etxenikek Passion for Knowledge 2016 jaialdiaren motibazinoa laburbatu dau: Zientzia, maila estetikoan jarduera ederra, kulturan garrantzitsua eta ekonomian erabagigarria da.

Donostia International Physics Centerrek (DIPC) pentsau, bultzatu eta antolatuta, Passion for Knowledge 2016 jaialdiak eskainiko dauen jarduera-programa zabalean, zientzialariak, hainbat diziplinatako izen handiko adituak eta herritarrak batuko dira, ezagutza zientifikoa konpartiduteko eta zientziaren eta haren balioen zabalkundean guztion parte hartzea sustatzeko helburuagaz.

Passion for Knowledge 2016 gehienbat Donostian izango da, 2016ko irailaren 27tik urriaren 1era, Donostiak 2016an dauen Europako Kultura Uriburutzeagaz bat eginez eta DSS2016EU programa ofizialaren barruko Alkarrizketak lerroan kokatuta. Jaialdiaren egoitza nagusia Victoria Eugenia antzokia izango da, zientziaren kultura-izakerea nabarmentzeko hautatua. Baina antolatu dira beste ekimen batzuk Bilbon eta Bordelen be; azken hori Euskampus Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Nazinoarteko Bikaintasun Campusaren barruan.

Publiko orori zuzendutako programea izango da zientzia, ezagutzea, kulturea eta pasinoa ardatz dituan jaialdi honen muina. Honako honeek batzen ditu proposamenak: Berbaldi Nagusiak mundu mailan izen handiko ikertzaileen eskutik (tartean, hainbat Nobel saridun); gai nagusia sormena izango dauen Mahai-inguru bat; Bertsolarien sormen-prozesuaren gorabeherak azaltzeko formatu barritzailea erabiliko dauen saioa; edo dagoeneko ezagunak diran Naukas saioak. Argazki-erakusketea be izango da Aquariumean. Ganera, jaialdiaren inaugurazinoan, Breaking Boundaries ikuskizuna aurkeztuko da; zientziaren eta artearen arteko mugea gainditu nahi dauen ikuskizuna eta jantza, eskulturak, soinua eta irudiak batera hartuko dituana.

Edozelan be, publiko orokorrarentzat pentsautako jardueretatik harago helduko da Passion for Knowledge 2016. Aurreko edizinoen arrastoari jarraituz, bigarren hezkuntzako ikasleen eta Nobel saridunen zein punta-puntako zientzialarien arteko topaketa bi antolatu dira, Donostian eta Bilbon: top@DIPC - Zientziagaz solasean!. Zientzialariakandik zuzenean jasotako zientziagazko pasinoak ikasle gazteak goitik behera bustitzea nahi dogu, dino Pedro Miguel Etxenikek, Passion for Knowledge 2016ko presidenteak.

Zapatu goizean, Zientzia Kluba izango da Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan. Gazteentzako zientzia-jaialdi txiki honek hainbat jarduera zientifiko dibertigarri batuko ditu: zuzeneko esperimentuak, ipuin-kontalari zientifikoak, bakarrizketak, eta abar.

Bestalde, Passion for Knowledgeren edizino honek nazinoarteko zientzialari gazteei zuzenduriko udako nazinoarteko eskola bat be izango dau. Eskolak, doktoregoko ikasleak eta doktorego ondoko ikertzaileak batuko ditu. Dynapeutics eskoleak farmako molekularrak optimizetako aparteko garrantzi daben biomolekulak aztertzeko konputazino-metodoak izango ditu ardatz. Besteak beste, jaialdiko hizlari nagusietako batek hartuko dau parte eskolan: Martin Karplusek, 2013ko Kimikako Nobel saridunak.

Antolatzaileek eskerrak emon deutseez jaialdia diruz lagundu daben erakundeei: Passion for Knowledge 2016 antolatu ahal izan dogu DIPCko patronoen etenbako laguntzinoari esker (Eusko Jaurlaritzea -Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila -, Gipuzkoako Foru Aldundia, UPV/EHU, Donostiako Udala, Kutxa, Telefónica, EDP eta CAF); era berean, berariazko finantziazinoa jaso dogu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailetik, bere BERC programearen bidez. Bestalde, jaialdia diruz lagundu dabe Zientzia eta Teknologiaren Espainiako FECYT Fundazinoak – Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak eta DSS2016 Europako Kultur Uriburutzearen Donostia / San Sebastián 2016 Fundazinoak.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek nabarmendu dauenez, Passion for Knowledge 2016 lako jaialdiei zientifikoki ongi informatutako gizartea bultzatzen da, eta beraz, gizarte jantziagoa eta libreagoa. Hain zuzen be, helburu horregaz guztiz bat dator Eusko Jaurlaritzearen Hezkuntza Saila, adierazo dau Cristina Uriartek.

DIPCko Zuzendari Ricardo Díez Muiñok gaineratu dauenez, 'jaialdi honek barriro be agirian itxiko dau zientzia giza kulturearen parte dala. Passion for Knowledge ezagutzeagazko pasinoa da, zientziagazko pasinoa da, eta ondorioz, kultureagazko pasino'.

Aurkezpenagaz amaitzeko, Pedro Miguel Etxenikek Passion for Knowledge 2016 jaialdiaren motibazinoa laburbatu dau: Zientzia, maila estetikoan jarduera ederra, kulturan garrantzitsua eta ekonomian erabagigarria da.

Jaialdian antolatutako ekitaldi guztiak dobakoak izango dira. Edukiak gaztelaniara, ingelesera eta euskerara itzultzeko interpretazino-zerbitzua izango da entzuleen eskura, eta berbaldi nagusiak zuzenean emongo dira streaming bidez, jaialdiaren webgunean. Passion for Knowledge 2016n parte hartzeko, jaialdiaren webgunean izena emotea eta lekua gordetea gomendatzen da

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu