ArgiHizkiak literatura-lehiaketearen erakusketea Sopelan da
2016-03-04 10:30 KultureaLeioan abiatu zan erakusketa ibiltaria eta Getxon, Berangon, Urdulizen, Plentzian eta Lemoizen egon ostean, Sopelara heldu da ArgIHIzkiak erakusketea. ArgiHizkiak literatura-lehiaketearen 10 argazkiak eta horreetan oinarritutako euskerazko 20 testu labur onenak batzen dituan erakusketea martiaren 20ra arte bisitau ahal izango da Kurtzion.
Leioan abiatu zan erakusketa ibiltaria eta Getxon, Berangon, Urdulizen, Plentzian eta Lemoizen egon ostean, Sopelara heldu da ArgIHIzkiak erakusketea. ArgiHizkiak literatura-lehiaketearen 10 argazkiak eta horreetan oinarritutako euskerazko 20 testu labur onenak batzen dituan erakusketea martiaren 20ra arte bisitau ahal izango da Kurtzio kultur etxean: astegunetan, 11:00-14:00 eta 16:00-20:00; aste-akabuetan, barriz, 11:00-14:00 eta 17:00-20:00.
Argiaren eta berori oinarri daben Teknologien nazinoarteko urtea izentau eban 2015a NBEk; han eta hemen hamaika ekimen eta ekitaldi antolatu ziran horren harira. Hori, beste atxakia bat baino ez zan izan, beste behin ArgIHIzkiak lehiaketa-erakusketea antolatzeko. Izan be, beren-beregi, bat egiten dau argazkietan oinarritutako testu laburren lehiaketa honen arimeagaz: Fotografia edo argazki berbek argiagaz marraztea edo idaztea dabe jatorrizko esangurea. Holan, irudien eta hizkien hizkuntzetan oinarrituta, ArgIHIZkiak literatur lehiaketea antolatu zan apiril-maitzean; orain horren emoitzea ikusarazoteko ordua heldu da.
Lehiaketea
Egizu Getxo Euskaldun alkarteak eta Hiruka komunikazino taldeak, Uribe Kostako hainbat udal (Leioa, Berango, Getxo; eta Makomunidadea) eta zenbait alkartegaz (Bizarra Lepoan, Berbots, Aitxu!, Leioako berbalagunak) alkarlanean antolatu da argIHIzkiak. Literatur ekimenaren helburu orokorrak hurrengoak dira: jentea euskeraz idatzi eta irakurri daian animetea, eta Uribe Kostako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea. Laugarren ekitaldi honetarako euren argazkiak helarazo deuskuezan Uribe Kostako (edo bertan bizi diran) argazkilari profesionalak edo zaleak ondokoak izan dira: David Herranz Esteban, Marisol Ramirez Fernandez, Luis Jauregialtzo, Ines Bermejo Larrañaga, Patricia Merino, Ivan Viña Alvarez, Sonia Aoujil, Nerea Falagan Martin, Marta Iraurgi Mendoza eta Itsaso Bartolome Yarza.
Lehiaketan 16 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izan dau; bi kategoria honeetan: bata, testu laburlaburra (160 karaktere gehienez) eta, bestea, laburra (100 berba gehienez). Testuak euskera batuan edo edozein euskalkitan egon eitekezan idatzita, eta argazkietako batean egon behar eben oinarrituta. Edozein testu mueta, hau da, prosa, olerkia, bertsoa, haikua eta abar onartu da. Testuak bialtzeko, parte- hartzaileek smsa, whatsappa edo posta elektronikoa erabili dabe.
Aurten inoiz baino testu (224) eta parte-hartzaile (184) gehiago izan dira. Danetara, 31 herritako parte-hartzaileak izan dira: Abadiño, Zornotza, Atarrabia, Ataun, Azpeitia, Bakio, Barakaldo, Belauntza, Bergara, Bilbo (eta Deustua), Donostia, Durango, Fruiz, Gasteiz, Gatika, Leitza, Markina, Mungia, Oiartzun, Oñati, Usurbil... eta Venezuelakoak be bai! Bizkaitik jasotakoen artean Uribe Kostatik 166 testu jaso dira, eta 138 parte- hartzaile uribekostarrak izan dira. Aitamen berezia merezidu dabe Uribe Kosta BHIko ikasleek, izan be, Plentziako institutuko 100 lagunek 108 testu helarazo ditue, institutuan bertan barne lehiaketea antolatzeaz gan.
Horreez gan, Getxo (32 testu), Sopela (9 testu), Leioa (4 testu), Erandio (3 testu), Gorliz (3 testu), Urduliz (3 testu), Berango (testu 2) eta Lemoizetik (testu 2) be heldu dira idatziak. Parte-hartzaileen batez besteko adina 36 urtekoa izan da (gazteenak 17 urtekoak izan dira, eta 63 urteko gazte bat be izan da). Testu gehienak labur-laburrak izan dira (% 56) eta testu gehien jaso dauen argazkia Marisol Ramirezena izan da. Testuen artean, danetarik egon da: gehienak prosa, baina baita bertsoak, olerkiak eta haikuak be. Testuak helarazoteko bitarteko erabiliena posta elektronikoa izan da, eta oso gitxik aukeratu ditue bestelakoak (7 whasApp, 4 sms).
Epaimahaia eta saridunak
Testu horreek guztiak Janire Enzunza eta Ageda Galarraga euskal filologoek osotutako epaimahaiak aztertu eta balorau ostean, 20 testurik onenak (10 labur-labur/ 10 labur) aukeratu zituen argazkien ondoan erakusketa honetan egoteko. Horrezaz gana, horreetatik kategoria bakotxeko irabazle bana izan da eta 200€ jasoko ditu.
Epaileek Testu Laburrik onena dala ebatzi dabe Mikel Illarregi Elberdinek (Leitza, 1959) egindakoa, eta testu labur-laburren arteko onena Alba Garcia Portelarena (Bilbo,1988) izan da epaileen arabera. Erakusketan agertzeko aukeratu diran beste testuak:
LL: labur-laburra modalitatea / L: laburra modalitatea
Letra lodiz: 2 testurik onenak (sari nagusiak)
- David Herranzen argazkia: Ander Herranz (LL) / Mikel Illarregi (L)
- Ines Bermejoren argazkia: Mirentxu Larrañaga (LL) / Egoitz Arruti (L)
- Itsaso Bartoloméren argazkia: Alex de Isusi (LL) / Lorea Madina (L)
- Ivan Viñaren argazkia: Ivan Leonardo Anisimov (LL) / Olatz Sanchez (L)
- Luis Jauregialtzoren argazkia: Miren Kareaga (LL) / Uxue Telleria (L)
- Marisol Ramirezen argazkia: Alba Garcia (LL) / Eider Bereziartua (L)
- Marta Iraurgiren argazkia: Olatz Sebal (LL) / Idoia Carramiñana (L)
- Nerea Falaganen argazkia: Iñigo Bidetxea (LL) / Oier Pastor (L)
- Patricia Merinoren argazkia: Iraia Aced (LL) / Jon Jauregi (L)
- Sonia Aoujilen argazkia: Paul Liz (LL) / Rebeca Solaetxe (L)
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!