Zortzi euskal artista eta taldeen lana batzen dauen 'Gaur (sic)' erakusketeak Londresen hasiko dau ibilbidea
2014-05-27 11:40 KultureaEuskal arte garaikidea nazinoarteko testuinguruan ezagutzera emoteko asmoz, Etxepare Euskal Institutuak Gaur (sic) jarri eban abian 2011ean. Bideo formatuko lan bilduma ibiltari batean gorpuztu dan ikerkuntza lana da, Nekane Aranburuk zuzendu dauena.
Etxepare Euskal Institutuak bultzatuta, eta Nekane Aranburuk egindako ikerketa lanaren ondorioz, egun Euskal Herrian bideo artearen alorrean lanean dabilzan zortzi euskal artista eta taldeen lanak batzen dituan Gaur (sic) erakusketea sortu da. Egitasmoa nazinoarte mailan erakusteko asmoz egina da eta ibilitaria izango da, eta holan, zortzi herrialdetan izango da ikusgai. Lehen hitzordua Londresen izango da, bagilaren 12an, Pinta London ekimenaren barruan.
Egitasmoa bart aurkeztu dabe Donostian Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Nekane Aranburu erakusketearen komisarioak, eta bertan parte hartu daben Saioa Olmo, Sandra Cuesta, Larraitz Torres eta Juan Aizpitarte sortzaileek.
Euskal arte garaikidea nazinoarteko testuinguruan ezagutzera emoteko asmoz, Etxepare Euskal Institutuak Gaur (sic) jarri eban abian 2011ean. Bideo formatuko lan bilduma ibiltari batean gorpuztu dan ikerkuntza lana da, Nekane Aranburuk zuzendu dauena.
Holan, azken hautaketak zortzi proposamen sortzaile ditu ardatz: Sra. Polaroiskaren (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe) Pilota Girls, Colombina's taldearen (Larraitz Torres eta Sandra Cuesta) Hacia la luz y los vegetales, Aitor Lajarinen Postcity, Zuhar Iruretagoienaren Vexations, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumen Working progress, Saioa Olmoren Hamaika, Juan Aizpitarteren Gen eta Ixone Sadabaren Shipwreck With Spectator (Naufragio con Espectador).
Gaur (sic) zortzi herrialde desbardinetan ikusi ahal izango da, Garapenerako Nazinoarteko Lankidetzako Espainiako Agentzia (AECID) erakundearen laguntzaz. Inaugurazinoa bagilaren 12an izango da Londresen, bikaintasuna eta nazinoarteko ikusgarritasuna eskaintzen dituan Pinta (Earl'2 Court Exhibition Centre) jaialdiaren barruan. Bagilaren 15a arte izango da ikusgai bertan.
Jarraian, eta 2015eko zezeilera arte, erakusketeak nazinoarteko bidaian jarraituko dau eta ikusgai izango da Tegucigalpa (Honduras), San Jose (Costa Rica), Mexico DF, Montevideo (Uruguay), Cordoba (Argentina), Santiago de Chile eta Managua (Nicaragua) urietan, AECIDen menpekoak diran herrialde horreetako kultur guneei esker.
Aurkezpenean azaldu dabnenez, erakusketeak bat egiten dau Nekane Aranburuk azken urteotan egin dituan ikerketakaz. Horreek lerro nagusi bi ditue: Estadu espainiarreko bideo artearen analisia eta bilakaerea, batetik; eta lan horreek ikustarazoteko eta zabaltzeko tresnak, bestetik. Ikerketa barri hau gauzatzeko erabilitako metodologiari jagokonez, material barri edo ia amaituaren eskaneatzea izan da lanaren abiapuntua, gai nagusiagaz loturea bilatuz eta koherentzia landuz.
Gaur (sic) ez da sormen lan nabarmenenak gorpuztu edota belaunaldien arteko erakusketa diagnostikoa egin nahi dauen gaur egungo artearen ikuspegiaren lagina bakarrik. Egungo euskal sorkuntzearen egoerea ezagutzera emotea be badau helburu, arte garaikidearen genealogiaren testuinguruan eta ikuspuntu formalistaz eta bertikalaz harago; egungo egoerearen barrikusketea egin nahi dau egitasmoak, edukietan, irudien osoketan eta nazino zein nazinoarteko produkzino ereduetan izan dan birea nabarmenduz, azaldu dabe.
Horregaitik, hautaketa prozesuan nazinoarteko profila daben ibilbideei emon jake lehentasuna, betibe jarrera kritikoak ordezkatzen dituenak eta konpromisoa azaldu dabenak, bai euren bilakaera personaletan eta sozialetan, bai garaikidetasuna eta tradizinoa edo maila intimoa eta kolektiboa buztartzean, edo esparru publikoa eta identidade barriak eregiten jarduten dabelako.
Horrek guztiak ez leuke zentzurik, lan horreek ez balira horren guztiaren adierazle zuzenak. Hori dala eta, hautaketea zortzi lan desbardinetan oinarritu da, aitatutako guztia gorpuzteko indarra nahikoa daben lanak, gaineratu dabe.
Gaur da Escuela Vascako lehen taldeko zortzi ikaslek 1966an hartu eben izena. Gipuzkoan jaio zan alkartea, nazinoarteko abangoardiagaz hartu-emonak eta alkarrizketea berreskuratzeko asmoagaz, eta aitzindari bilakatu ziran hainbat kontu artistiko eta pentsamenduagaz lotutakoak lantzeko moduan. Nazinoarteko erreferente bilakatu ziran, batez be, taldea osotu eben personen izaerakaitik, eta ez horrenbeste taldearen beraren kohesinoagatik -1969an desegin zan-.
Gaur (sic) erakusketearen bitartez, hiru ardatz nabarmen bereizi dira jarduera artistiko garaikideetan: emakumeek egindako lanen indarra, eta horreen nagusitasuna; taldean egindako lanen ugaritasuna; eta diziplinarteko saltoa ezartzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!