Carla Andradek 'Oihartzunen geometria' erakusketea edegi dau BilbaoArte aretoan
2014-05-26 17:39 KultureaProdukzino propio barria aurkeztu dau BilbaoArtek, Carla Andraderen Oihartzunen geometria. Hutsak espazioan eta denporan izandako irudikapenari buruzko gogoetea ardatz dauen sorkuntza-proiektuaren emoitzea da erakusketea. Bagilaren 13ra arte egongo da ikusgai.
Produkzino propio barria aurkeztu dau BilbaoArtek, Carla Andraderen Oihartzunen geometria. Hutsak espazioan eta denporan izandako irudikapenari buruzko gogoetea ardatz dauen sorkuntza-proiektuaren emoitzea da erakusketea. Bagilaren 13ra arte egongo da ikusgai.
Epaimahai batek aukeratu dau Andraderen proiektua, BilbaoArteren aurtengo produkzino propioko erakusketekaz egingo dan lez. Oihartzunen geometria paisajeari buruzko argazki-proiektu bat da. Erretratu txikiek osotzen dabe, ez da serie narratiboa. Paisajearen bidez espazioan dagoan hutsuneari buruzko hausnarketea dira irudiak.
Erakusketea atal bitan banatu dau egileak; lehenengoan, hutsak espazioan dauen irudikapenari buruzko gogoetea jaso dau, kolore zuria da nagusi. Zeozelako ordena emoten ahalegindu naz, zeozelako egitura formal bat, laukien eta bestelako forma geometrikoen bitartez; zeozelako poesia matematikoaren bilaketea da, nabarmendu dau Andradek. Erakusketearen bigarren atalean, zuria ez da hain garrantzitsua. Hutsa baltza eta beste kolore batzuekaz irudikatzen da, saturazinoaz eta ugaritasunaz.
Oihartzunen geometria erakusketan batutako argazkiak eta bideoak Andradek berak egin ditu. Paisaje zuriak Islandiakoak dira, edurtutako irudi batzuk Nafarroako Pirineoetakoak, eta lainotutakoak, Gorbeiako Parke Naturalekoak. Paisajerik koloretsuenak Nepalekoak dira.
Carla Andrade (Vigo, 1983) Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziaduna da eta gaur egun Filosofia ikasten dabil. Bernard Plossu, Vari Carames edo Castro Prieto argazkilariekaz egin ditu tailerrak, eta Costa da morte dokumentalaren argazkiak (Lois Patiño zuzendariagaz lankindetzan) egin ditu. Bere lana Bilboko Guggenheimen, Portugalen, Frantzian (104, París), AEBetan, Alemanian, Suedian, Islandian eta Errumanian izan da ikusgai.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!