UPV/EHUko lehen Ikasletxea inaugurau dabe, ikasleek diseinau eta kudeatutako topagunea

Bizkaie! 2014-02-20 17:02

Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak adierazo dauenez, Ikasletxeak ingurune bat sortu nahi dau lanerako eta hartu-emonetarako; jarduera akademikorako eta deskantsurako. Baina horrezaz gan, autokudeaketa eredu bat be izan nahi dau. Ikasleentzako leku bat da, beraz, ikasleek kudeatzen dabena, ikasleek bizia emongo deutsien leku bat eta burujabetasun osoz garatuko dana.

UPV/EHUko lehen Ikasletxea inaugurau dabe Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio Eremuan. Ikasleek diseinau daben eta eurek kudeatuko daben topagunea da Ikasletxea, aisialdiagaz eta ikasketakaz zerikusia daben mueta guztietako ekimenetarako erabiliko da (Erakusketak, berbaldiak, tailerrak, jolasak...). Era berean, jantoki lez be erabili ahal izango da.

UPV/EHUko Biblioteka Nagusiko lehen pisuan kokatuta dago eta astelehenetik barikura egongo da zabalik, 8:00etatik 20:00etara bitartean. Leioa-Erandio eremuan ez eze, Bilbon kokatuta dagozan UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko beste ikastegietan be egokituko dira Ikasletxeak, eta, leku horreek, aretoen kanpoaldeetan kokatuko diran koloreetako biniloakaz identifikauko dira.

Lehen Ikasletxearen inaugurazino ekitaldian parte hartu dabe Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak, Ander Feijoó Bizkaiko Ikasleen Kontseiluko presidenteak, Carmelo Garitaonandia UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, baita Bizkaiko Campuseko ikastegietako ordezkariek be. Ikasle ugari be izan dira ekitaldian, izan be, ikasleak joan dan aste hasieratik dagoz gunea erabilten.

Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuko Ikasletxea 200 metro koadroko eremu garbi bat da. Beharrizana dagoanean, bitan be zatitu daiteke kortina bat zabalduz. Ekipamenduari jagokonez, mahaiak, pufak, sofak jarri dira, baita eszenatoki handi bat be mueta guztietako ekitaldi egin ahal izateko. Mikrouhin-laba bi be jarri dira, jatekoa berotu ahal izateko.


Lehen ekintza

Ikasleek oso-osorik kudeatuko daben Ikasletxeak abian dau dagoeneko bere lehen ekintza, RumblE!! komikiaren azal eta kontrazalakaz osotutako erakusketea. Jose Carlos Torre Arte Ederren Fakultadeko graduondoko ikasle eta komikiaren zuzendariak antolatu dau. RumblE!! komikien eta ilustrazinoen aldizkari bat da, 2009an sortutakoa eta edade guztietako publikoari zuzenduta dagoana. Erakusketa hau martiaren amaierara arte izango da ikusgai Ikasletxean.

Ander Feijoó UPV/EHUko Bizkaiko Ikasleen Kontseiluko presidenteak adierazo dauenez, gure asmoa da, hasiera batean, Ikasleen Kontseilua izatea gune hau bultzatzeaz arduratuko dana, baina nahiko geunke ikasleek bere egitea proiektua hasieratik eta eurak izatea bai ikasketakaz zein aisialdiagaz lotutako era guztietako ekimenak antolatuko dituenak. Feijoók azpimarratu nahi izan dauenez, Ikasletxeagaz Unibersidadearen irudia sendotu nahi dogu ikasleen topagune lez, ikasteko ez eze aisialdian deskonektetako be erabili daitekezan guneak eskainiz. Gure helburua da unibersidadeko ikastegi guztietan zabaltzea era honetako lekuak.

Bestalde, Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak adierazo dauenez, Ikasletxeak ingurune bat sortu nahi dau lanerako eta hartu-emonetarako; jarduera akademikorako eta deskantsurako. Baina horrezaz gan, autokudeaketa eredu bat be izan nahi dau. Ikasleentzako leku bat da, beraz, ikasleek kudeatzen dabena, ikasleek bizia emongo deutsien leku bat eta burujabetasun osoz garatuko dana.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu