Azkue Fundazinoak euskerazko blogen lehiaketea antolatu dau

Bizkaie! 2013-12-17 14:20

Lehiaketearen helburua da euskerazko edukiak sarean ugaltzeaz gan, blogari euskaldunen jarduerea sustatzea eta blogarik onenak aukeratzea. Izena emoteko prozesua urtarrilaren 26 arte zabalik egongo da.

Euskerearen Etxean egindako prentsaurrekoan Blogetan! Euskal blogariak lehian ekimenaren ingurukoak azaldu ditue Azkue Fundazinoaren izenean, Iurdana Acasusok eta Argiarenean Gorka Bereziartuak. Lehiaketearen helburua da euskerazko edukiak sarean ugaltzeaz gan, blogari euskaldunen jarduerea sustatzea eta blogarik onenak aukeratzea. Irabazleak publikoaren internet bidezko botazino eta epaimahaiaren eretxien bidez aukeratuko dira.

Lehiaketea Azkue Fundazinoaren egitasmoa da, Argia aldizkaria laguntzaile dauela. Bion arteko alkarlanari esker lehiaketea sustatu, zabaldu eta irabazleen aukeraketea egingo da. Bi erakundeek izentautako kideez osotuko da irabazleak aukeratuko dituan epaimahai aditua, blog eta interneteko komunikazinoan adituak diran profesionalez.

Blogetan.com webgunea martxan dago lehiaketearen barri emoteko eta aurkeztu nahi diran blogen izen emotea bideratzeko eta botazinoa jasoteko. Izena emoteko prozesua urtarrilaren 26 arte zabalik egongo da.

Lehiaketa honetan publikoak zeresan handia izango dau, gustoko dituan blogen aldeko botoa emoteko aukerea izango dauelako eta finalistak aukeratzen parte hartu.

Blog euskaldunen jarduerea saritu nahi dau lehiaketeak eta horregaitik lau kategoria nagusi ezarri dira lehiaketa honetan:

• Kultura arloko blogak (zinemea, literaturea, artea, diseinua, modea, sukaldaritzea,
gastronomia, enologia, musikea…).
• Gizarte eta politika arloa (kazetaritzea, historia, humanidadeak, ekonomia, hezkuntzea,
zuzenbidea…) .
• Aisialdiagaz lotutako gaiak (zaletasunak, kirola, bidaiak…).
• Zientzia eta Teknologia (naturea, osasuna, arkitekturea, informatikea…).

Kategoria bakotxean sari bana emongo da. Eta bosgarren sari berezi bat egongo da, euskal blogari barriarena, 2013an zehar sortutako blog barri bati emongo jakona.

Sariei jagokenez, bostek Bernat Vidal artisteak Azkue Fundazinoarentzat berenberegi diseinautako garaikur-artelan bat jasoko dabe. Eta baita 200 euroko diru-txeke bana. Eta blogari barria sariaren irabazleak, gainera, Argia aldizkariko blog sarean kolaboretako aukerea izango dau eta aldizkariko urtebeterako harpidetzea be izango dau.

Sari-banaketa ekitaldia Bilbon izango da 2014ko martiaren 6an eta blog komunidadea ardatz hartuta jardunaldi berezia antolatuko da. Jardunaldia hasteko, interneteko komunikazinoan eta blog arloan aditua dan profesional baten berbaldia izango da; ondoren, arlo desbardinetako gure inguruko blog esperientziak ezagutzeko aukerea izango da; eta euskal blogintzeari buruzko mahai-ingurua be antolatuko da. Jardunaldiari amaierea emoteko, lehiaketa honi jagokozan sariak banatuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu