Erabagiteko eskubidearen aldeko Gure Esku Dago dinamikea Bartzelonan

Bizkaie! 2013-09-11 15:40

Bartzelonan diran euskal herritarrei erabagiteko eskubidearen alde Euskal Herrian eregi nahi diran sare eta hartu-emonak azaltzea da helburua, danon artean ideia politiko propioetatik harago batzen gaituenaren alde indarrak alkartzeko deia.

Gure Esku Dago dinamikearen aurkezpena izan zan bart Bartzelonako Euskal Etxean. Zelai Nikolas eta Martin Aranburuk egin eben erabagiteko eskubidearen aldeko dinamikearen aurkezpena Euskal Etxearen iraileko egutegiaren barruan. Hurrengo asteetan euskal politikeak aparteko garrantzia hartuko dau Bartzelonako euskal etxearen egitarauan, sensibilidade politiko desbardinetako ordezkarien berbaldiak izango baitira Gure Esku Dago dinamikearen aurkezpenaren ondotik. Ezker abertzalea, PP, Eusko Alderdi Jeltzalea eta PSEko ordezkariak izango dira hurrengo egunetan. Gainera, mendizaletasunari eta musikeari be tarte zabala eskainiko deutsee. Horreen guztien lehen puntua Gure Esku Dago dinamikearen aurkezpena izango da, Bartzelonan diran euskal herritarrei erabagiteko eskubidearen alde Euskal Herrian eregi nahi diran sare eta hartu-emonak azaltzea da helburua, danon artean ideia politiko propioetatik harago batzen gaituenaren alde indarrak alkartzeko deia.

Bartzelonako aurkezpena Euskal Herrian egindako hamarnaka aurkezpenen ostean dator. 'Irailean eta urrian zehar herriz herriko aurkezpen horreek jarraituko dabe eta oso pozik gaude Gure Esku Dago dinamikan izan dogun lehen erantzunagaitik. Bide luzea dogu egiteko, eta badakigu, Irungo Ficoban jarri genduan lehen harriaren ostean, eta bagila osoa herriz herri jardun eta gero, oso indartsu gagoz herritarren aldetik, oro har, jarrera oso baikorra eta esperantzaz betea jaso dogulako. Aurkezpenetan familia politiko desbardinetako herritarrek parte hartu dabe, ez doguz egun batetik bestera sortuko bateko eta bestekoen arteko konfiantzak, baina alkar konfiantza hori sortzeko gogoa, herritarren erabagiteko eskubidearen alde gagozan danok eskutik helduta alkarlana garatzeko gogo hori igarri dogu, eta gure ilusinoa ez dala geurea bakarrik, herritar askorena dala be atzemon dogu.

Horren adibide, aurkezpenak amaitu ostean, 2.000tik gora dira, honezkero, erabagiteko eskubidearen aldeko dinamikan lan egiteko prestutatsuna azaldu daben norbanakoak.

Iraileko lehen egun honeetan herriz herriko aktak, ekarpenak eta balorazinoak batzeko lanari ekin deutsagu, jada. Orain, guzti horreek antolatu eta urteko erronkei begira lanean gabilz. Hilebete baten buruan 2014ko bagilaren 8an egin asmo dogun Durango eta Iruñea arteko giza-kate erraldoierako deialdi barria egingo dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu