Portugaleteko Nazinoarteko XXXIX. Folklore Jaialdia aurkeztu dabe

Bizkaie! 2013-07-18 16:53   Kulturea

Elai Alai Kulturguneak antolatuta, garagarrilaren 24tik 27ra Portugaleteko Nazinoarteko 39. Folklore Jaialdia izango da Gökmeydan Halkoyunlari G.S.K.D (Turkia), Jangar Folklore Elkartea (Errusia), Mackinaw (Kanada) Les As du Benin (Benin), Jallmay (Peru), Das Mariñas (Galizia) eta Portugaleteko Elai Alai taldeagaz.

Elai Alai Kulturguneak antolatuta, garagarrilaren 24an hasierea emongo jako Portugaleteko Nazinoarteko 39. Folklore Jaialdiari. Hilaren 27ra bitartean hemengo eta kanpoko hainbat taldegaz gozetako aukerea izango da. Ondoko taldeak izango dira aurten: Gökmeydan Halkoyunlari G.S.K.D (Turkia), Jangar Folklore Elkartea (Errusia), Mackinaw (Kanada) Les As du Benin (Benin), Jallmay (Peru), Das Mariñas (Galizia), eta Euskal Herritik Elai Alai taldea.

Jaialdiaren aurretik, garagarrilaren 21ean, 21:30ean, Munduko Jantzak ekitaldia izango da Portugaleteko Carlos VII. etorbidean; 24an, 21:30ean, La Canilla paseoan, Benin, Euskal Herria eta Galiziako taldeak; 25ean, La Canillan, Kanada eta Peruko taldeen txandea izango da; garagarrilaren 26an, Errusiako Kalmykia herrikoak; eta azken egunean, 27an, Turkiako taldeagaz batera Portugaleteko Elai Alai taldeak parte hartuko dau.

Urtero legez, Portugaleten ez eze, Euskal Herriko 19 udalerritan be izango dira jantza ikuskizunak eta horreetako bat datorren garagarrilaren 28an, Bilboko Arriaga Antzokiaren plazan egingo dana azpimarratu daiteke.

Barrikuntzen artean, jantza ikuskizunak barriztau barri daben La Canilla paseoan izango dira eta ohitureari jarraituz, aurten be ekitaldiak dobanekoak izango dira.

Bilbon egindako Portugaleteko Nazinoarteko XXXIX. Folklore Jaialdiaren aurkezpenean honako honeek egon dira: Clara Montero, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaria; Mikel Etxebarria Etxeita, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Ekintzako Zerbitzu Burua; Mikel Torres Lorenzo, Portugaleteko Alkatea; Susana Andrés, Laboral Kutxa; Gaizka Benguria, Elai Alai Kultur Elkarteko Presidentea; eta Aitor Beitia, Elai Alai Dantza Taldeko Zuzendaria.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu