VII. GetxoPhoto abuztuaren 29tik irailaren 29ra izango da
2013-07-18 15:12 KultureaVII. GetxoPhoto argazki jaialdiaren gaia amesak eta beren ikus-irudikapena izango da. Aurten jaialdiak komisario barria dauka, Christian Caujolle komisario frantziar ospetsua, oraingo edizinoko barritasun nagusia, gaur goizean Jokin Aspuru, Getxophotoko zuzendariak azpimarratu dauenez.
VII. GetxoPhoto argazki jaialdiaren gaia amesak eta beren ikus-irudikapena izango da. Aurten jaialdiak komisario barria dauka, hau da, Christian Caujolle komisario frantziar ospetsua, oraingo edizinoko barritasun nagusia, gaur goizean Jokin Aspuru, Getxophotoko zuzendariak azpimarratu dauenez; Hiru urtero aldatzen dogu Komisarioa. Alejandro Castellote eta Frank Kaleroren ondoren, Christian Caujolle estreinauko da, curriculum izugarria dauen personea, argazkilaritza-munduan ia dan-dana egin dauena, besteak beste, World Press Photo lako nazinoarteko lehiaketetako epaimahaikide izan da eta gaur egun, Camboyako Photo Phnom Penh zuzentzen dau. Ezaugarri horreetako persona bat Getxophotoren programazino artistikoaz arduratzea sano pozgarria da guretzako, eta eskerrak emoten deutsaguz azaldu dau Jokin Aspuruk.
Imanol Landak, Getxoko Alkateak, Begi Handi kolektiboari bere lana eta esfortzua eskertu deutsoz eta nabarmendu dau Getxophoto udan udalerriak dauen kultur eskaintzaren barrukoa dala. GetxoPhoto ezinbesteko hitzordua da; alde batetik, argazkilaritzearen adierazpen artistikoaren bitartez, munduan pil-pilean dagozan kultur joera barriak herritar getxotarrei eta bisitetan gaituenei helarazotea ahalbidetzen dauelako eta horrek aberastu egiten gaitu, eta bestetik, munduari kulturearen aldeko apustu garbia egiten dauen udalerriaren irudi freskoa eta kosmopolita eskaintzen dogulako eta hori guretzat oso garrantzitsua da adierazo dau alkateak aurkezpenean.
Mundu osoko argazkilariak
Jaialdian mundu osoko hamabost bat argazkilari nabarmenenen partaidetzea izango da. Erakusketak abuztuaren 29tik irailaren 29ra arte egongo dira zabalik, batez be gune publikoetan, Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera, eta goiko partean aretoko erakusketak egongo dira. Jarduera nagusiak Jaialdiko lehenengo asteburuan izango dira, hau da abuztuaren 29tik irailaren 1era arte.
Begi Handi kolektiboak, beste erakunde batzuen artean, Getxoko Udalaren, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa izan dau.
Jaialdiaren beste barritasun batzuk izango dira Itxialdia (hausnarketarako eta alkarrizketetarako jardunaldia) eta argazki-artxibo ezezagun baten aurkezpena. Argazkiak hainbat euskarritan ikusi ahal izango dira, esate baterako, edontzi-azpikotan, lona erraldoitan edo fotokopiatan.
Erakusketak
GetxoPhoto jaialdiak berez adierazpen ikusezinak diran amesak bistaratu eta gauzatzeko erronkea bereganatu dau. Jaialdiaren komisario Christian Caujolleek ikuspegi eta interpretazino propioa eskainiko dau, amesak esangura zabalean ulertuta, zesangura oniriko hutsetik desio lez ulertzen dan ameseraino. Horretarako, hamabost bat lan aukeratu ditu, frantziarren presentzia handiagaz, fenomeno honen inguruko askotariko ikuspegiakaz. Jaialdiaren politikeari jarraituz, nazinoarte-mailan ezagunak eta autortutakoak diran lanak, Harit Srhikao erabat ezezaguna dan 17 urteko nerabe tailandiarrarena lako apustu personalakaz bateratu ditu. Egile ezagunenetako bat, barriz, Denis Darzacq da, VU´Agentziako kidea; Hyper bere serie ezaguna ekarriko dau.
Bestalde, eta The Afronauts bere liburuak oraintsu lortu dauen arrakasta eta autortzearen ondoren, Cristina de Middelek bere azken lan barria aurkeztuko dau Getxon, West Side Story film ezagunean inspirautakoa. Espainian erakusten dan lehen aldia izango da.
Beste obra aitagarri bat Laurent Chehere frantziarraren tonu surrealistako lana da; Flying Houses bere seriea sartzerakoan, teknika digitala irudimenaren zerbitzura jarten dau, aztertu beharra daben uri-egiturei buruzko arretea erakarteko. Beste gai batzuk be landuko dira, besteak beste, robotikea edo nortasunaren eta generoaren orekea.
Jarduera nagusiak
Abuztuaren 31n, Andres Isasi Musika Eskolan Opening saioa egingo da, Jaialdiari hasierea emongo deutsona; ekitaldi horretan, Caujolle komisarioak iruditan eskainiko dau edizino honetako egitaraua. Aurten parte hartuko daben egileetako batzuk euren lanak proiektau eta aurkeztuko ditue.
Era berean, iraileko bisita gidatuen Ibili programea eta Photowalk, argazki estudio eta galerietarako bisita bat, itzuliko dira. Aurten, Argazki Garaikidearen Bilboko Zentroa bisitauko da, Ricky Davilak zuzentzen dauena. Aurten be argazkilaritzeari buruzko liburu eta aldizkariak konsultetako Papel izeneko gunea jarriko da; Algortako Torrene kaleko espazio batean egongo da hile osoan zehar.
Edizino honetako barritasun legez, GetxoPhotok Itxialdia ekimena dakar, argazkiaren konsumorako modu garaikideen inguruko berbaldi eta alkarrizketen egun oso bat. Abuztuaren 30ean izango da, 10:00etatik 20:00etara, Fadurako garagardotegi zaharrean. Irudien konsumorako kanalak, euskarriak eta gailuak aztertu eta eztabaidatuko dira (argazki-liburuak, sare sozialak, komunikabideak, erakusketak, arte galeriak…). Jordi Socías (El Pais Semanal aldizkariko editore grafiko ohia), Monica Allende (Sunday Times Magazine aldizkariko editore grafikoa) edo Cristina de Middel argazkilari espainiar arrakastatsuak parte hartuko dabe, besteak beste.
Yosigo argazkilari donostiarraren Have a Nice Book proiektuaren aurkezpenagaz eta zuzenean argazki-liburuak tartekatzen dituan Julian Baron DJ-aren Photobook Jockey saioagaz amaituko da eguna. Prezioa: 30 €.
Ikusteko modu barriak
Sunday Times Magazine aldizkariko editore grafiko Monica Allendek tailer bat eskaini dau eta ikusteko modu barriei buruzko hausnarketea egingo dau. Parte-hartzaileen albumetatik abiatuta, eztabaidarako eta alkartrukerako espazio bat sortuko dau Allendek eta hainbat giltzarri eskainiko ditu, lanak editore grafikoei erakusteko. Abuztuaren 29an izango da hori High Tech Tamarises hotelean eta zortzi orduko iraupena izango dau (10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era). Prezioa: 80 €.
Interesa dabenek beren argazkiak erakusteko aukerea izango dabe Jaialdian, Amesak: ames barrietarako garaia da gaiagaz. Argazki horreetako 30 (antolatzaileek aukeratutakoak) hainbat dendetako erakusleihoetan jarriko dira ikusgai, biniloan inprimiduta. Bialdu lanak getxophoto@gmail.com helbidera, abuztuaren 16a baino lehen. Oinarriak ikusteko eta izena emoteko jaialdiaren webgunera jo.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!