Azkue Fundazinoak Jakina! Euskal Tribiala sortu dau, Trivial formatua dauen on line jokoa

Bizkaie1 2013-07-15 12:54

Proiektua Azkue Fundazinoak garatu dau, Saure argitaletxeagaz, eta helburua da erreminta didaktiko, dibertigarri eta erakargarri bat eskaintzea, internauten arteko hartu-emonak euskeraz izatea ahalbidetzeko.

Azkue Fundazinoak Jakina! izeneko Euskal Tribiala sortu dau. Trivial joko ezagunaren formatuagaz euskeraz sortutako lehen on line jokoa da eta sei jokalari ibili daitekez aldi berean, zortzi gairi buruzko 4.800 galderei erantzuten, bere arduradunek jakinarazo dabenez.

Proiektua Azkue Fundazinoak garatu dau, Saure argitaletxeagaz, eta helburua da erreminta didaktiko, dibertigarri eta erakargarri bat eskaintzea, internauten arteko hartu-emonak euskeraz izatea ahalbidetzeko. Jakina! Euskal Tribiala jokoak hainbat aukera eskaintzen ditu euskerea ikasteko, euskeraz berba egiteko eta euskerea sustatzeko, arlo akademikoan, zein aisialdian.

Jokoak zortzi gairi buruzko galderak ditu: Euskerea eta literaturea; Aisia eta kirola; Zientzia eta teknologia; Geografia eta historia; Kulturea eta artea; Zinemea eta ikuskizunak; Gizartea eta ohiturak; eta Musikea eta jantzea. Hiru zailtasun-maila ditu, eta jokalariak aukeratzen ditu jolasteko mailea eta gaia.

Jakina! jokoak jokalari kopuru desbardineko partidak sortzeko aukerea emoten dau, batetik seira, eta partidak publikoak edo pribatuak izan daitekez. Jokalariek hainbat baliabide izango ditue jolasteko: aurretiaz sortutako partida batean sartu ahal izango dira edo barri bat sortu; jokalari bakotxak bere kontua kudeatu ahal izango dau plataforman eta estadistikak ikusi ahal izango ditu; eta plataforman lagunen zerrendea osotzeko aukerea dago, erraz-erraz konbidau ahal izateko jolastera. Plataforma honek jokalarien sailkapena eta umomentu bakotxean indarrean dagozan txapelketak erakusten ditu.

Jolasteko dinamikea Trivial mahai-jokoarenaren antzekoa da. Azkue Fundazinoak datozen hileotan txapelketak antolatzeko asmoa dauka, erreminta hau ezagutzera emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu