Azken Mendi Film Zinemaldian erakutsitako lanik onenak Leioan ikusgai
2013-06-11 12:08Leioako Mendi Astearen barruan, pasa dan abenduan Bilbon izandako Mendi Film Festival nazinoarteko zinemaldian bost sari nagusi eskuratu zituen beste horrenbeste lan eskainiko dira Leioan: film onenaren saria, mendiko kirolei buruzko film onenarena, epaimahaiaren sari berezia, argazki onenarena eta film labur onenarena.
Leioako Mendi Astearen barruan, pasa dan abenduan Bilbon izandako Mendi Film Festival nazinoarteko zinemaldian bost sari nagusi eskuratu zituen beste horrenbeste lan eskainiko dira Leioan: film onenaren saria, mendiko kirolei buruzko film onenarena, epaimahaiaren sari berezia, argazki onenarena eta film labur onenarena.
Leioako Udalak eta Leioa Mendi Taldeak babestuta, ordu eta erdiko bi saio izango dira udal aretoan, 20:00etatik aurrera eta hiru euroko prezioan; iraupen labur eta ertaineko hamar film ikusteko aukerea izango da bi saio horreetan
Zinema eta abenturazko kirolen zaleek genero horretako azken aldiko nazinoarteko lan onenak ikusteko aukerea izango dabe datorren bagilaren 11n eta 13an Kultur Leioa Aretoan.
Menditour Leioa jardunaldietan proiektauko diran filmen artean, pasa dan abenduan Bilbon izandako nazinoarteko jaialdian saritutako honako lan honeek izango dira: film onenaren saria (Erhard Loretan: respirer l’odeur du ciel Suitzako filma), mendiko kirolei buruzko film onenarena (Origins: Obe and Ashima), epaimahaiaren sari berezia (Silbergeier), argazki onenarena (Unicorn Sashimi) eta film labur onenarena (Of Souls + Water: The Nomad).
Danetara, iraupen labur eta ertaineko hamar film erakutsiko ditue udal aretoan, lau eta 52 minutu artekoak. Aukera parebakoa, beraz, generoko espezialista onenek filmautako muturreko kirolei buruzko lanokaz gozetako. Ikus-entzunezko gehienetan mendia eta eskaladea da ardatza, baina horreez gan, ikus-entzuleek aukerea izango dabe piragua, arroila-jaitsierea, surfa, highlininga (funanbulismoa eta eskaladea buztartzen dituan muturreko kirola) eta beste hainbat abentura eta jarduerari buruzko irudiak ederresteko.
Bost urteko ibilbide laburrean, mendiko zinemaren arloko nazinoarteko erreferentzia bihurtu da Mendi Film Festival. Zinemaldiaren asmoetako bat, gainera, beti izan da leihoak Euskal Herri osora zabaltzea, lehiaketara aurkeztutako berrogeita hamar film horreen lagin esanguratsuena herri batetik bestera eroatea. Hain zuzen, horixe da Menditour ekimenaren funtsa.
Hauxe izango da Menditour Leioa jardunaldien egitaraua:
Martitzena, bagilak 11
• Moonwalk (AEB 2012, 4’), basamortuko paisaje zoragarriaren gainean eginiko highlining ariketa bildurgarria. Jatorrizko bersinoan proiektauko da, filmazioan grabatutako zuzeneko giro-soinuagaz.
• Of Souls + Water: The Nomad (AEB 2012, 7’), Erik Boomerrek, National Geographic aldizkariak urteko abenturazale izentau eban gazteak, oinez, eskiz eta kayakez eginiko jardueren laburbilduma bitxia. Jatorrizko bersinoan emongo da, ingelesez, euskerazko eta gaztelaniazko azpidatziakaz.
• Last of the Great Unknown (AEB 2012, 22’) filmak Colorado ibaiaren errekasto gordeenak erakutsiko deuskuz, Zintzur Handiaren erraietan; packrafting, rappel, anchor building eta off-trail nabigazinoko teknikak nahastuz esplorautako lurralde miresgarriak. Jatorrizko bersinoan emongo da, ingelesez, gaztelaniazko azpidatziakaz.
• Origins: Obe and Ashima (AEB 2011, 22’), Ashima Shiraishi neskatila eskalatzaile new yorktarrak eta haren entrenatzaile Obe Carrionek egindako bidearen kontakizuna.
• Silbergeier (Frantzia 2012, 20’), Suitzako Alpeetako bide tekniko eta gogorrenetako bat eszenatoki, eta txiki-txikitatik ha kateatzeko amesetan bizi izan dan Suitzako bertako neska baten historia. Jatorrizko bersinoan emongo da, frantsesez, euskerazko eta gaztelaniazko azpidatziakaz.
• Race for the Nose (AEB 2011, 23’) filmak Dean Potter eta Sean Leary eta Hans Florineren arteko lehia jasoten dau, El Capitan hormako The Nose bidearen abiadura errekorra hausteko ahaleginean. Jatorrizko bersinoan emongo da, ingelesez, gaztelaniazko azpidatziakaz.
Eguena, bagilak 13
• Unicorn Sashimi (AEB 2012, 5’) ikus-entzunezkoak eskiatzaile eta snowboarder ausartenen paradisuetako baten irudi harrigarriak batzen ditu: Japoneko Hokkaido uharteko mendietakoak.
• Of Souls + Water: The Warrior (AEB 2012, 9’). Film labur honetan, Skip Anderson zuzendariak Christopher Peterson surflariaren ibilbidea laburbatzen dau eta sei urte geldirik egon ondoren itsasoagaz eta olatuakaz barriro topo egitea zer izan zan kontetan dau. Jatorrizko bersinoan proiektauko da, ingelesez, euskerazko eta gaztelaniazko azpidatziakaz.
• Erhard Loretan: respirer l’odeur du ciel (Suitza 2011, 52’) Erhard Loretan alpinista suitzarrari eskainitako omenaldia. Hamalau zortzimilakoak igoten hirugarren gizona izan zan Loretan, eta Alpeetan hil zan, istripuz, gidari lanetan ebilela, 52 urte bete zituan egun berean. Film onenaren saria irabazi eban Mendi Film Festival jaialdian. Jatorrizko bersinoan emongo da, frantsesez, gaztelaniazko azpidatziakaz.
• Next stop Greenland (Espainia 2012, 30’) Alas Proiektuaren lekukotza da, irudi ikusgarriz josia. Alex Txikonek eta Iñaki Ituartek lau jauzilarigaz batera Groenlandiako Ulamertosuaq mendian zabaldutako bidearen eta gailurretik egindako saltoaren nondik norakoak jasoten dira filmean. Jatorrizko bersinoan emongo da, gaztelaniaz.
Leioako Udalak eta Leioa Mendi Taldeak babestuta, ordu eta erdi inguruko bi saio izango dira, 20:00etan hasita. Sarrerak hiru euro kostako dira saio bakotzeko, eta aukerea izango da bi egunetarako bonoa hartzeko, bost euroan. Kultur Leioa aretoko bertako txarteldegian eta Kutxabankeko kutxazainetan erosi ahal izango dira sarrerak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!