'Publikoari gorroto' lanak irabazi dau Donostia Antzerki Saria

Bizkaie! 2013-03-07 10:20   Kulturea

Manex Fuschek zuzendutako Publikoari gorroto antzezlanak irabazi dau Donostia Antzerki Saria. Ander Lipus aktore markinarra da antzezle nagusia. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak aurreko urtean urian taularatu ziran euskerazko antzezlanen artean banatzen dau hau sari hau.

Manex Fuschek zuzendutako Publikoari gorroto antzezlanak irabazi dau Donostia Antzerki Saria. Ander Lipus aktore markinarra da antzezle nagusia. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak aurreko urtean urian taularatu ziran euskerazko antzezlanen artean banatzen dau hau sari hau.

Xabier Mendigurenek idatzi eban Publikoari gorroto antzezlana, 1985ean, eta Huts Teatro taldeak eszenarau dau. Ander Lipusegaz batera, Iñaki Ziarrustak eta Miren Tirapuk osotzen dabe aktore taldea. Antzerkiari buruzko hausnarketa jostalari baten moduan hasten da antzezlana publikoaganako keinuz eta umorez, baina apurka-apurka, arimearen barrunbe ilunenak joango dira agertzen, krudelkeria, bortxa, podere hartu-emonak, azaltzen dabe egileek.

Donostia Antzerki Sarietako epaimahaia Kepa Errastik (Euskal Aktoreen Batasuna), Pablo Barriok (EHAZE), Ane Gabarainek (Aisge alkartea), Agus Perezek (antzerki kritikaria) eta Norka Chiapusok (Donostia Kultura) osotu dabe. Antzerkiari buruzko gogoetea dala nabarmendu dabe epaimahaikideek; ikuslearen eta aktorearen rolak eta antzerkiak gizartearen daukan zeregina aztertzen ditu. Antzezlan ezohiko eta ausarta dala azpimarratu dau epaimahaiak.

Saria-emote ekitaldia Antzerkiaren Nazinoarteko Egunean egingo da, martiaren 27an. Ekitaldia Victoria Eugenia antzokian egingo dabe, 20:00etan.

Konpainia irabazleak 10.000 euro eta Jose Luis Zumetaren margolan bat jasoko ditu. 8.000 euro orain hartuko ditu, eta ganerako 2.000 euroak, 2015ean; trukean, urtea amaitu orduko euskerazko antzerki lan barri bat eskaini beharko dau Donostian.

Publikoari gorroto ikusteko aukera bat baino gehiago izango da martian: hilaren 10ean, Azkoitiko Matadeixen; 12an, Erandioko Merkatu Zahrrean; 15ean, Arrigorriagako Lonbo aretoan; eta 21ean, Miarritzeko Coliseo Antzokian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu