Andrea Abaliaren eta Lide Kaltzadaren 'Alter ego' erakusketa barria Bizkaiko Batzar Nagusietan

Bizkaie! 2013-03-05 13:09   Kulturea

Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa-aretoak Alter Ego erakusketa barria hartuko dau apirilaren 6ra arte, barriro be jentearen aurrean jarteko UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko artista gazteek egindako lana, hori guztiori Bizkaiko Batzar Nagusiek Euskal Herriko Unibersidadeagaz daben lankidetza hitzarmenaren barruan.

Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa-aretoak Alter Ego erakusketa barria hartuko dau apirilaren 6ra arte, barriro be jentearen aurrean jarteko UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko artista gazteek egindako lana, hori guztiori Bizkaiko Batzar Nagusiek Euskal Herriko Unibersidadeagaz daben lankidetza hitzarmenaren barruan. Oraingoan Lide Kaltzadaren eta Andrea Abaliaren margo eta argazkiak buztarturik eta alkarren osogarri egongo dira Batzar Nagusien erakusketa-aretoan (Hurtado de Amezaga kaleko 6an). Sarrerea doban da.

Andrea Abalia eta Lide Kaltzada artistak margoa eta argazki ikutuak erabilita jarduten daben sortzaileen tradizino barrian kokatzen dira. Baliabide plastikoak eta ikonikoak jakituriaz eta sensibilidadez buztartu eta narrazino edegiak atontzen ditue, ikusleei esku emonaz erretratautako personaien aurrez aurre jarteko eta hareen iraganean, izaeran eta jomugan arakatzeko.

Artista bion lanek ikusleen begiradak erakarten ditue, artelanen fikzinoa sinisgarritasunez horniduz. Artelanek bat-bateko harridurea eragiten dabe baina gelditu eta zehaztasunen bila hastea da onena. Parodia eta ironiaren arteko buztarketearen zertzeladak agiri dira. Erakusketako 18 lanek ispilu moduan funtzionetan dabe, bisitarien, batez be, emakumezkoen benetako egoak islatuz.


Batzar Nagusien omenaldia emakumezkoei martiaren 8aren harian

Aurkezpen ekitaldia Emakumezkoen Nazinoarteko Eguna (martiaren 8an) ospatzen dan astean zala-ta, Ana Madariaga Batzar Nagusietako Lehendakariak aldarrikapena egin gura izan dau emakumezko gazteen artearen alde, eta horrenbestez, emakumezko guztien alde. Aukeratutako artista bion belaunaldia gure historia guztian inoizkorik ondoen prestautako euskal emakumezkoena da esan dau Ana Madariagak, eta ganeratu dau emakume artista bien lanak jagoken izatearen eta lekuaren bila dabilzala, non eta, batera edo bestera, hainbat arlotan, arlo guztietan behar bada, baztertu egiten gaituen krisialdiko gizarte honetan.

Emakumezko biren bizipenetan arakatzen dauen erakusketa honen eskutik, Madariagak gogora ekarri dau oraindino egiteko asko dagoala emakumeen buruzagitzea arlo politikoan sendotuko bada. Ondokoa ganeratu dau: Zer esango dogu ba, ekonomiari, enpreseari edo hedabideei erreparetan badeutsegu? Holakoetan bai ikusi geinkezala emakumeakazko adibide ia iraingarriak!. Horren adibideak jarri eta esan dau Euskadin alkateen % 22 besterik ez dirala emakumezkoak, edo munduko parlamentuetan emakumezkoak batez-beste ozta-ozta heltzen dirala % 19,8ra eta, beraz, urrun dagozala Batzar Nagusiotan lortutako parekotasunetik, % 47a hain zuzen.

Bilboko Hurtado de Amezaga kalean dagoan Batzar Nagusien erakusketa-aretora hurreratu ezkero, aukera ederra egongo da Euskal Unibersidade publikotik ernetako artista bizkaitar gazte bion gaitasun eta talentu handiaz jaubetzeko. Alter Ego'erakusketea generoa gora-behera, arte ona, kalidadezko eta etorkizun handiko arte gaztea dala azpimarratu dau Ana Madariagak. Bisitariek ikusi ahal izango dituen emakumezkoen erretratuak izatez oso kritikoak dira, formen aldetik atseginak diran arren.

Erakusketea astegunetan, astelehenetik barikura, 9:00-21:00 ordutegian ikusi leiteke, eta zapatuetan eguerdiko 13:00ak arte.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu