'Amaiur 2012. Haien ametsa gurea da' ikuskizuna zapatuan estreinauko dabe, Amaiurren
2012-07-18 12:50 KultureaZapatuan estreinauko dabe Amaiur 2012. Haien ametsa gurea da ikuskizuna, Amaiurren bertan. Garagarrilaren 20ko emonaldiaren ostean, Maulen eszenerauko dabe, abuztuaren 10ean eta 11n. Pier Paul Berzaitzen zuzendaritzapean, 150 lagunek Nafarroako historia eta konkistea azalduko ditue.
Zapatuan estreinauko dabe Amaiur 2012. Haien ametsa gurea da ikuskizuna, Amaiurren bertan. Garagarrilaren 20ko emonaldiaren ostean, Maulen eszenerauko dabe, abuztuaren 10ean eta 11n. Pier Paul Berzaitzen zuzendaritzapean, 150 lagunek Nafarroako historia eta konkistea azalduko ditue. Zapatuko sarrera guztiak saldu ditue.
Nafarroako konkistearen 500. urteurrena izanda, orduan jazotakoen ganeko musika eta antzerki ikuskizuna atondu dau Pier Paul Berzaitzek. Abeslariak, bertsolariak, jantzariak eta antzerkigileak izango dira eszenatokian, ehun lagunetik gora. Parte-hartzaileen artean dagoz, besteak beste: Amets Arzallus bertsolaria; Xiberoko Zohardia eta Artzainak kantariak; Kattalin Indaburu, Isabelle Jaury, Magali Zubillaga, Mixel Arotze eta Petti bakarlariak; eta, Amaiu, Zuberotar dantzariak eta Aukeran taldea. Koreografiak Edu Muruamendiarazek egin ditu, eta musika zuzendaritzea Karlos Gimenezek.
Lau zatitan banatu dabe lana, eta atalez atal Nafarroako historia erakutsiko dabe, gaur egunera arte. Amaiurko setioa, juduen erbesteratzea eta Arizkungo agotean ganean jardungo dabe, besteak beste. Antolatzaileen asmoa ez da Nafarroaren historia zehatz-zehatz azaltzea, ikuspuntu jakin batetik kontauko dabe eta. Orain 500 urte Nafarroa euskalduna zala erakutsi gura dabe, Juan Mari Aleman sustatzaileak azaldu dauanez, eta gaur egun be bizirik dagozala.
Amaiurko Gaztelu alkarteak antolatu dau Amaiur 2012. Haien ametsa gurea da. Emonaldia 20:00etan hasiko da desfileagaz, baina goizean, 10:00etatik aurrera hainbat jarduera atondu ditue: gazteluari bisita gidatuak, artisauak herriko plazan, musikea kalez kale, umeentzako tailerrak eta abar.
Zapatuko sarrerak agortuta dagoz, baina barikuko entseguetarako badago lekurik, 5 euroren truke. Argibide gehiago: amaiur2012@hotmail.com
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!