El Sol publizidade jaialdiak 18 herrialdetako 2.532 lan erakutsiko ditu Bilbon

Bizkaie! 2012-05-30 15:50

18 herrialdetako 2.532 lan izango dira lehian XXVII. El Sol Iberoamerikako Publizidade Jaialdian, Bilbon, maiatzaren 31tik bagilaren 2ra bitartean. Danetara, publizidade eta komunikazino arloko 1.800 profesionalek hartuko dabe parte. Donostian 25 urte egin ostean, El Solek lehenengo urtea dau hau Bilbon.

18 herrialdetako 2.532 lan izango dira lehian XXVII. El Sol Iberoamerikako Publizidade Jaialdian, Bilbon, maiatzaren 31tik bagilaren 2ra bitartean. Danetara, publizidade eta komunikazino arloko 1.800 profesionalek hartuko dabe parte. Donostian 25 urte egin ostean, El Solek lehenengo urtea dau Bilbon. Beste lau urten egongo da Bilbon, arduradunek adierazo dabenez.

Euskalduna Jauregia, Bilbao Arena, Gugenheim Museoa eta Alondigea dira El Solen egoitzak. Enric Pujadas jaialdiko zuzendariak eta Carlos Rubio kudeatzaileak emon ditue zehaztasun guztiak prentsaurrekoan. Biak be gustura agertu dira aurtengo edizinoaren harrereagaz, iza be parte-hartzea % 1,2 igon da. Igoera txikia da, baina bizi dogun egoerea kontutan hartuta oso gustura gagoz, azaldu dau Pujadasek. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesa eta laguntzinoa azpimarratu ditue.

Orain hamar urte zabaldu eben jaialdia Iberoamerikako sortzaileentzako, ordutik lehenengo aldia da izen-emoteen gehiengo direna, Estadu espainiarrekoak baino gehiago. Mexiko, Brasil, Argentina eta Kolonbia nabarmendu ditue aurkezpenean. Gure helburua gaztelaniaz eta portugesez lan egiten daben jaialdien artean erreferente izatea da, eta emoitzok bidean gabilzala erakusten deuskue, azaldu dau Rubiok.

Sail ofizialetako epaimamaiak hainbat egun daroez 2.532 lanak aztertzen. Ondoko sail ofizialak ditu El Solek: Kanpaina Integratuak eta Barrikuntzea, TB/Zinemea, Egunkariak eta Aldizariak, Irratia, Digitala, Kanpokoa, Marketin Promozionala, Merketin Zuzena, Komunikabideak, Osasuna, Harreman Publikoak, Branding eta Diseinua. Sail ofizialetik kanpo dago Gazte Sortzaileak saria, horretan ikasleen bakarrik parte hartu leikie.

Agentziek eta profesionalek aurkeztutako beharrak ikusteaz aparte, bestelako jarduerak antolatu ditue jaialdiaren egunetan, berbaldiak batez be. Euskaldunan izango dira hizlari, besteak beste, Mark Tungate kazetaria, Mat Heinl (Moving Brands), Maria Sebregondi (Moleskine), Jeroen Boschma (Generación Einstein), Antonio Nuñez (Young & Rubicam) eta Ajaz Ahmed (AKQA). Horrezaz gan, APG Espainiak 15M mobimentuari buruzko mahai-ingurua egingo dau. Ez gara politikan sartuko, 15M mobimentua marketingaren ikuspegitik aztertuko dogu, argitu dau Carlos Rubiok.

Pujadasek eta Rubiok publizidadearen gaur egungo egoerea izan dabe berbagai, 2011. urtea txarto amaitu eben, % 12 bajatuz, eta aurtengo lehenengo hiruhilekoa be antzera joan da, % 15eko beherakadeagaz. Horregaitik El Solek igaz baino parte-hartze handiagoa izatea barri sano ona da, esan dabe. BPGean be nabarmen egin dau behera publizidadearen garrantziak.

Sari-emotea zapatuan izango da, 18:00etan, Bilbao Arenan. Galarako hainbat gonbidapen banatuko ditue Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak.

Ganera, domekan, bagilaren 3an, ate edegien eguna atondu dabe Bilboko Alondigan. Aurtengo lan irabazleak eta beste edizino batzuetakoak proiektauko ditue. Sarrerea doban da, baina derrigorra da gonbidapena izatea, horretarako Bilboko Udaleko telefono honetara deitu behar da: 944255669

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu