Zeanuriko Erroten VII. Ibilaldia antolatu dabe maiatzaren 6an
2012-04-26 13:34Ipizkieta Joko Alai alkarteek Zeanuriko Erroten Ibilaldiaren seigarren edizinoa prestau dabe. Maitzaren 6an, 9:00etan hasiko da martxea, Zeanuriko plazan. Izen-emotea maiatzaren 6an bertan izango da, 8:30ean, herriko plazan
Ipizkieta Joko Alai alkarteek Zeanuriko Erroten Ibilaldiaren seigarren edizinoa prestau dabe. Maitzaren 6an, 9:00etan hasiko da martxea, Zeanuriko plazan. Danetara, 18 kilometro egingo ditue, baina umeentzako ibilbide laburtxuagoa atondu dabe, 12 kilometroakoa, hain zuzen be.
Izen-emotea maiatzaren 6an bertan izango da, 8:30ean, herriko plazan. Erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gan, udabarrian natureak daukazan koloreen sinfoniaz gozetako aukera ederra izango da, adierazo dabe antolatzaileek.
Gure geografiako paraje eta txokoak ezagutzeko erarik egokiena oinez ibiltea eta bazterrak arakatzea da, dinoe antolatzaileek. Erroten Ibilaldiak hainbat helburu ditu, ekimenaren arduradunen arabera: alde batetik, herritarrei zein kanpotik datozan bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; eta, bestetik, Zeanuriren historian errotek izandako garrantzia erakustea. Ez dira gitxi -azaltzen dabe- herri honetan ezagutzen diran eta han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak. Danetera, hemezortzi errota dira, gehienak bertan behera itxita dagoz, baina beste batzuk zaharberritu ditue. Dan-danak uraren bidez dabilz. Maiatzaren 6ko ibilbidean hamar errota ikusiko ditue, eta euretako bitan sartu be egingo dira, Ibargutxin eta Olabarrin, hain zuzen be.
Aurtengo ibilbidea igazko berbera izango da, 18 kilometrokoa, baina umeentzat edo gura dauenarentzat, 12 kilometrokoa prestau dabe antolatzaileek. Ibilaldia herriko plazan abiatuko da, 9:00etan. Altziber eta Errotabarri erroten ondotik igaro ondoren, Undurragako urtegiaren ertzetik segiduko dute parte-hartzaileek. Urtegia atzean itxita, Barrengoerrota, Erdikoerrota eta Goikoerrota topauko ditue, hirurak Beretxikorta errekatxuaren ertzean eta 500 metroko tarte baten barruan.
Agarre baserriaren ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera bajatuko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko. Hemen, ateak zabalik izango dira eta nahi dauenek kuku bat egin eta errota lanean ikusteko aukerea eukiko dau, adierazo dabe ekimenaren arduradunek. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutse. Urtegiaren presatik 100 metrora, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana banatuko dabe.
Ostean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ondotik igaro ondoren, azken kilometroa beteten hasiko dira. Ibilbidea amaitu baino 300 bat metro lehenago azkenengo errotea ikusiko dabe Olabarrikoa, Pujana familiak erabat zaharbarritutakoa. Olabarri be barrutik ikusi ahal izango dabe parte-hartzaileek.
Informazino gehiago behar izan ezkero: www.ipizki.com edo www.gorbeialdea.com
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!