Herri ekimeneko euskal hedabideek sektorearen diagnostiko eta erronkak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2012-03-13 14:32

Funtzio sozial agirikoa dogula gogorarazo nahi izan dogu euskal hedabideok, bai euskerearen garapenean dogun zeregin funtsezkoagaitik, bai euskal hiztunen komunidadearen barruan komunikazinoa lantzeak eta jorratzeak suposatzen dauenagaitik.

2011n alkarregaz hasitako bideari jarraituz, herri ekimenez sortutako euskerazko hedabideok agerraldi bateratua egin dogu gaur Andoainen, sektorearen diagnosia eta erronka identifiketan dituan dokumentua sinatu eta jentaurrean aurkezteko.

Publikoak izan ez arren, funtzio sozial agirikoa dogula gogorarazo nahi izan dogu euskal hedabideok, bai euskerearen garapenean dogun zeregin funtsezkoagaitik, bai euskal hiztunen komunidadearen barruan komunikazinoa lantzeak eta jorratzeak suposatzen dauenagaitik. Azken 25 urteetan, batez be hezkuntzea dala eta, asko aurreratu da euskerearen ezagutzaren eremuan, horretan ez da dudarik. Erabileran, barriz, hizkuntzearen osasuna adierazoten dauen neurgailurik zehatzenean, zailtasun handiak dagoz. Eta gurea lako gizarte moderno batean nekez egingo dira pausuak hedabide sare indartsurik ezean. Azken finean, hiztun komunidade guztiek dabe mundua beren hizkuntzan ikusteko eta kontetako beharra, eta euskal hedabideok giltzarri dan zeregin horren muinean gagoz. Euskeraz ez badogu egiten, beste hiztun komunidade batzuek egingo dabe gure ordez, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez.

Sektorearen pisu sozial eta kulturalagaz batera, ekonomikoa be ekarri nahi dogu gogora: euskerazko hedabideen lana 450.000 lagunakana heltzen da, eta horretarako 600 langile baino gehiago dabiz lanean 100dik gora hedabidetan. Guztira 27 miloe eurotik gorako aurrekontua mobiduten dogu urtean, eta 7 miloe eurotik gorako ekarpena egiten dogu diru publikoetara, gizarte segurantza eta zergen bidez. Ikuspuntu horretatik be, gure jardunaren garrantzia azpimarratu eta kontuan hartua izan daiten eskatzen dau sektoreak.

Ezagun da Informazino eta Komunikazino Teknologien hedapenak zelako krisi sakona ekarri dauen mundu osoan komunikazinoaren sektorera, eta 2008tik bizi dogun krisi ekonomikoak aurreko hori areagotu besterik ez dauela egin. Mundu mailan zein gure artean be, agirikoak dira ondorioak, gogoratu besterik ez dago azken bi urteotan bidean geratu diran euskerazko komunikazino proiektuak: Ttipi-Ttapa Telebista, Geu Gasteiz, Txaparro, Esan-Erran Irratia, Nabarra...

Aldi berean, azpimarratzekoa da euskal hedabideok inguruko beste hizkuntza handietakoak baino hobeto egiten ari gaiakoz aurre krisiari. Azken finean, ohituta gagoz krisi betean jokatzen, eta ondo baino hobeto dakigu bedar motzean ibiltea zer dan.

Kontuak kontu, euskal hedabideok azpimarratu nahi izan dogu testuinguru larri horretan etorkizunari buruzko gogoeta estrategikoa alkarregaz egiteko ahalegina, eta eskertu Gipuzkoa Berritzen-Innobasquek gogoeta horretan laguntzeko erakutsitako prestutasuna. Alkarlan horren emoitzea hedabideek gaur sinatu dogun dokumentua da. Agiriak sektorearen gaur egungo argazki zehatza aurkezten dau eta, horretan oinarrituta, aurrera begirako erronka nagusiak proposatzen ditu. Erronka horreek honela laburbildu daitekez:

- Negozio eredua eta lan baldintzak. Hedabideok inbersino handiak egin behar doguz (eta egiten gabiz), batetik teknologiak eragindako negozio ereduaren aldaketeari aurre egiteko, eta bestetik bertan dabilzan langileen lan baldintzak hobetze aldera.

- Salmenta, kalidadea eta lehiakortasuna. Atzean ez geratzeko eta bezeroei merezidu daben zerbitzua eta produktuak eskaintzeko, euskal hedabideok sortzen doguzan produktuen kalidadea eta kudeaketea be hobetu behar dogu. Gaur egungo produktuak estimetan badira be, salmentan eta merkatu mekanismoen ezagutzan asko sakondu behar dogu oraindino.

- Hausnarketea eta ikerketea. Etenbako barrikuntzearen aroan, ikerketea eta hausnarketea be ezin ahaztu: euskerazko hedabideak zer garen, zer helburu bete behar dogun, zelakoak garen eta izan behar dogun, audientziak, kanpoko esperientzietatik ikastea eta, heburuak beteten doazen neurrian, beste hizkuntzetan apliketako moduko esperientzia eta produktuak esportetea. Hori dana garatzeko, hedabideen behatoki baten beharra argi ikusten dogu.

- Alkarlana: garai gogorrei bakarka baino taldean hobeto egiten jake aurre, eta alde horretatik badogu zer landu, hedabideok geure artean zein instituzinoakaz batera. Sektoreko kideok onartzen dogu alkarren lehiakide garela hainbat eta hainbat kasutan, baina alkarregaz be jardun geinkela guztion onurarako; koopetibidadea landu behar dogula, hain zuzen.

- Erakundeen laguntza politika. Deialdien sistematik hitzarmen ereduetara joatea ezinbesteko ikusten dogu. Beharrezkoa da erakundeek laguntza politikea egokitzea eta sektorearen inbersinoak eta garapena sustatzea.

Labur zurrean, herri ekimeneko euskal hedabideon ustez garaia da erronka horreei sendotasunez heltzeko, eta beste molde eta bide batzuk jorratzeko, irudimena landuz, gogotik jokatuz eta batez be alkarlanean, hedabideon artean, zein erakunde publikoakaz eta jentarteagaz beragaz be.

Holan, gaur aurkeztutako lana, bide baten amaierea baino, bide luze baten hasierea dala azpimarratu nahi dogu. Dokumentua sinatzeagaz, herri ekimeneko euskal hedabideen hurreko etorkizun zein bihar-etzikoa bermatu nahi dauen alkarlana abiatu dogu, sektore antolatu moduan funtzionetan hasi ahal izateko lehen harria.

Sektore hori eguneratzeko, gogoetea egin nahi dogu hedabideok, erabiltzaileakaz, eragileakaz eta administrazinoakaz batera. Horregaitik, gaur sinatutako dokumentua horretarako prestutasuna agertu daben erakundeetan aurkeztuko dogu, gogoetarako oinarri baliotsua izan daitekeelakoan. Erakundeei, bide horretatik, hausnarketa mahai bateratua eratzeko deia egin nahi deutsegu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu