Infozazpi irratia, 'Gero eta gehiago', irudi barria, urrats ausarten arpegi barria
2011-12-19 17:42Pausu ausartak emon behar ditu infozazpi irratiak bere hiru ardatz nagusi diran arlotan: informazinoan, kulturan eta musikan. Maminak, ostera, azala be behar izaten dau; horren lekuko gaur aurkeztutako irudi barria, garai barrien aurrean infozazpi irratiak bere osotasunean egin nahi dauen komunikazino ekarpenaren arpegi barria.
Bost urte pasatxo dira izaera herritarra eta profesionala buztartuz Aztibegia alkarteak Euskal Herrirako, nazino ikuspegitik, jardungo eban irrati proiektu aurrerakoia abiatu ebala. Agosti Xahok XIX. mendean idatzi eban izkribua genuen abiapuntu, herritar libreen izatean oinarrituko zan Herri honi deia. Gaur, etorkizunari zubi barriak eregiten gagozan honetan, Euskal Herria autortzen dogun hedabideon garrantzia areagotu egin da, baita erantzunkizuna be. Apustu horri jarraituz, pausu ausartak emon behar ditu infozazpi irratiak bere hiru ardatz nagusi diran arlotan: informazinoan, kulturan eta musikan. Maminak, ostera, azala be behar izaten dau; horren lekuko gaur aurkeztutako irudi barria, garai barrien aurrean infozazpi irratiak bere osotasunean egin nahi dauen komunikazino ekarpenaren arpegi barria.
Infozazpi irratiak euskerea ardatz harturik, eta euskal herritar guztiakana heldu ahal izateko gaztelania eta frantsesa be erabiliz, proiektu indartsua eta sendoa egiteko konpromisoa dauka. Zorionez ez gara bidean bakarrak, ez ginan lehenengoak izan eta ezta azkenak be... Euskal Herriko komunikazino esparruan Paris eta Madril ardatz dituen hedabideak nagusi diran arren oraindino, gero eta gehiago gara irratian, telebistan, prentsan eta sarean abiapuntu lez Euskal Herria eta euskal herritarrak doguzan komunikabideak. Ganerako eremuetan lez, komunikazino esparruan be, herri batek ezinbestekoa dauelako bere erreferente propioak izatea.
Informazinoa eta analisia, kulturea eta musikea dira irrati proiektu honen ardatzak. Gaur aurkeztu deutsuegun arpegi barri hau jarterako hiru arlo horreetan pausu sendoak emon doguz. Kolaboratzaile barriak batu doguz analisira (mahai-inguruak martitzenero eta barikuro Kalegorrian saioan), informazinoan sakontzeko albiste zerbitzuak indartu doguz eta saio barriak sortu (Egunari begi kolpea), kronika sozial eta kulturalari erantzuteko magazin barria martxan da (Hitzen Lihoa) baita hainbat programa barri be (Sartudalapurra, Baserritik mundua, Ilargi argitan...), kultur eremuan hasieratik bultzatu doguzan bideakaz jarraitzeaz gan barriak be jarri doguz martxan (bertso txapelketen zuzeneko jarraipena, literatur gomendioak, teknologia, sukaldea...) kirol saioak sortu eta hasierako musika ekarpen zabalari (gustu guztietarako musika saioak doguz parrillan) apustu ausarta gehitu deutsagu asteon aurkeztu dogun Rapherria, lehen Euskal Rap bildumeagaz.
Profesionala baina herritarra da gure proiektua, eta handitu ahala profesionalagoa eta herritarragoa izateko bokazino osoa dogu. Proiektuaren neurri berean doa gure lan taldea hazten. Erredakzinoan lan egiten dogunona hazi da, baina horregaz batera, eta ezinbestean, baita kolaboratzaileena be, irrati hau posible egiten daben laguntzaile danena, harpidedunena... Eta modu berezian, irrati honen entzule ez baina erabiltzaile zarien danona. Alkarlana dogu ogibide; alkarlana, infozazpi posible egiten daben guztien artean, baina baita Euskal Herriko beste hainbat hedabidegaz be. Gure lurraldearen luze zabalean irratigintza herritarrean aitzindari izan diran proiektuen eskutik eta Arrosa sarean esku hartuz abiatu genduan bidea. Bertan diran hainbat irratiren arteko alkarlanak bete gaitu edukiz. Hamaika telebista, Txalaparta irratia edota Gara eta Berria egunkariakaz dogun alkarlanak be aberastu egin dau infozazpi irratia.
Aurrerantzean, irrati erabiltzaileen parte hartzea areagotzeko neurriak jarriko doguz martxan, zuzenean eta kalean gure presentzia areagotuko daben ekimenak azkartuko doguz, eta bide horretan, Euskal Herriko komunikazino esparrua herritarren mesedera eregiteko ondar alea eskainiko deutsagu herri honi. Gaur aurkezten dogun irudi barria mugarri izango da gure proiektuaren oinarrietan, aurrera begira informazinoan, kulturan nahiz musikan emongo doguzan pausu ausarten arpegi barria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!