Memoria historikoa berreskuratzeko hainbat ekitaldi, Markina-Xemeinen

Bizkaie! 2011-12-16 12:01

Markina-Xemeingo Garaian alkarteak memoria historikoaren ganeko ekitaldiak antolatu ditu abenduaren 17an, besteak beste, Garaian aldizkariaren zenbakiaren aurkezpena. Eta Gernikan, bondardaketearen 75. urteurreneko ekitaldiak antolatzeko batzarra egingo dabe, zapatuan, 10:00etan.

Markina-Xemeingo Garaian alkarteak memoria historikoaren ganeko ekitaldiak antolatu ditu abenduaren 17an, besteak beste, Garaian aldizkariaren zenbakiaren aurkezpena. Horrezaz gan, musika emonaldia eta erakusketea atondu ditue. Aldizkariak Markina-Xemeingo historiari, etnografiari edo soziologiari buruzko artikuluak, alkarrizketak eta argazkiak argitaratzen ditu; zenbaki barrian, 1936ko gerrea da gai nagusia, besteak beste, kontakizunak, agiriak, alkarrizketak eta makina bat argazki batu ditue.

Garaianen aurkezpenaren ostean, 20:00ean, Karmengo eleizan musika eta olerki emonaldi berezia egingo dabe, Gerra Zibila, jendea da hila izenburupean, gerran hildako markinar eta xemeindarren omenez. Pablo Fernandez Arrieta musikariak kontzerturako beren-beregi sortutako lana estreinauko da; ondoren, Patxi Juaristi EHUko irakasleak idatzitako poemak irakurriko ditue.

Abenduaren 30ean, ganera, Ilunpetik argira. Gerra zibila irudietan Markinako kartzelan erakusketea zabalduko dabe Markina-Xemeingo kartzelea izan zan lekuan (Epaitegia, Arretxinaga etorbidean), hain zuzen be. Garaian alkartekoek bisita gidatuak antolatu ditue: abenduak 30ean eta urtarrilak 3an, 17:00etan; eta, urtarrilak 7an eta 8an, 12:00etan.

Gernikan be badabilz memoria historikoaren ganean beharrean. 1937ko bonbardeketearen 75. urteurrena izango da 2012an; hori dala eta, urtemugako ekitaldiak prestatzeko batzarrerako deialdia egin dau Gernika Batzordeak. Hitzordua, hilaren 17an da, 10:00etan, Gernika-Lumoko kultur etxean. Antolatzaileek azaldu dabenez, herri erakundeak, ikertzaileak, idazleak, kultur taldeak, bertsolariak, jantzariak eta ekarpenak egiteko asmoa dauen edonor joan daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu