Indarkeria matxisteak aurten 5 emakume hil ditu Euskal Herrian

Errespetuz Persona Transexualen Integrazino Eta Babeserako Euskal Elkartea 2011-11-25 12:51

Errespetuz alkartea osotzen dogun emakume eta gizon transexualok indarkeria matxista eta transfobikoaren era guztien kontra gagoz, eta jendarte osoari dei egiten deutsagu erasoak desagerrarazoteko horreen kontra burruka egin daian.

Indarkeria matxisteak, jendartearen ustezko aurrerapenak gorabehera, aurten 5 emakume hil ditu Euskal Herrian (eta 61 Espainian); eta milaka eraso salatu dira, eta are gehiago dira salatu ez diranak.

Eta ezin dogu ahaztu emakume transexualok indarkeria bikotxa sufriduten dogula: ganerako emakumeei lez erasoten deuskun indarkeria matxisteari, indarkeria transfobiko eta zis-sexistea gehitu behar deutsagu.

Hilaren 24an, Gasteizen epaitu dan eraso transfobikoa, Katalunian osasunerako eskubidea ukatu izana (behar doguzan tratamendu kirurgikoak eten ditue), edo orain hilebete bat Madrilen Astrid Carolina hil izana... indarkeria horren adibideak baino ez dira. Espainian 2008tik hona gitxienez hiru emakume eta gizon transexual bat hil ditu (30.000 personako persona transexual bat dagoala kontuan hartuta, 120.000 persona ez-transexual hiltearen parekoa litzateke); eta, munduan, bi eguneko persona transexual bat hilten dau (gehien-gehienak emakume transexualak), urtean 6 miloe persona ez-transexual hiltearen pare.

Emakume transexualok ez gagoz prest matxismoaren eta transfobiaren (eta askotan jendartearen ardurabakokeriagaz) biktima izaten segiduteko; eta jagi egin gara, eta ganerako emakumeakaz batera, Nahiko da mezua zabaldu nahi dogu, gure eskubideak, askatasuna eta duintasuna errespetau daitezela exijiduteko.

Horregaitik guztiagaitik, Errespetuz alkartea osotzen dogun emakume eta gizon transexualok indarkeria matxista eta transfobikoaren era guztien kontra gagoz, eta jendarte osoari dei egiten deutsagu erasoak desagerrarazoteko horreen kontra burruka egin daian. Era berean, dei egiten deutsuegu zemendiaren 25ean, herri eta urietan egingo diran mobilizazinoetan parte hartu daizuen eta egunez egun burruka honetan segiduteko, harik eta emakumeok (transexual zein ez-transexual) libre, bardintasunean eta indarkeriaren mehatxutik libre bizi arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu