Bilblogari euskerazko blogen lehiaketeak 45 blog jaso ditu

Bizkaie! 2011-11-23 11:40

Internet esparruan euskerearen erabilerea sustatzeko helburua dauen lehiaketan 45 blog sartu dira aurten, igazko markea erraz gaindituz.

Bilboko Udaleko Euskara Sailak eta Nontzeberri atariak Bilblogari euskerazko blogen lehiaketearen hirugarren edizinoa jarri eben martxan urrian, eta bart amaitu zan lanak jasoteko epea. Dagoeneko epaimahaikideak lanean jarri dira zeintzuk diran onenak erabagi ahal izateko. Internet esparruan euskerearen erabilerea sustatzeko helburua dauen lehiaketan 45 blog sartu dira aurten.

Antolakuntzako iturriek jakinarazo dabenez, aurten sekulakoa izan da parte-hartzea da eta joan dan urteko markea erraz gainditu da. Mota askotako blogak heldu dira lehiaketara, eta guztietan, gaur egungo gazteek dituen zaletasunak, kezkak eta ilusinoak nabarmendu dira, besteak beste, kirola, modea, jantzak, bidaiak, musikea, Euskal Herria, geografia, genero bardintasuna, osasuna, elikadurea, zinema, uriak eta abar.

Lehiaketan hiru atal zabaldu dira: blog personalak, taldeko blogak eta tematikoak. Atal bakotxean Interneteko bitakora onena sarituko da hemendik aurrera, eta blog originalenak be bere saria izango dau.

Julen Gabiria idazle eta euskal blogari aitzindariak eta Karmele Perez de Urraza EHUko irakasleak honako erispideak balorauko ditue saridunak erabagiterakoan: euskerearen mailea, kalidade literarioa, diseinua, gaurkotze mailea eta atarien originaltasuna.

Sariei jagokenez, blog personal onenak, taldeko blog onenak, blog tematiko onenak eta blog originalenak 300na euro jasoko dabe. Aldaketarik gertatu ezean, sari banaketa ekitaldia zemendiaren 30ean izango da, 19:00etan, Zazpi Kaleetako La Bolsa Udaltegian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu