Iñaki San Martin argazkilariaren 'Apur batean soka dantza' erakusketea inaugurauko da gaur Gernika-Lumon

Bizkaie! 2011-11-09 11:27   Kulturea

Apur batean soka dantza erakusketea gaur, hilak 9, inaugurauko dabe Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Erakusketea 2012ko urtarrilaren 29ra arte egongo da ikusgai, eta soka jantzearen irudiak batzen dituan kolorezko 43 argazkik osotzen dabe.

Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko diputaduak Iñaki San Martin argazkilari gipuzkoarraren Apur batean soka dantza erakusketea inaugurauko dau gaur, hilak 9, arratsaldeko 19:30ean, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Erakusketea 2012ko urtarrilaren 29ra arte egongo da ikusgai, eta soka jantzearen irudiak batzen dituan kolorezko 43 argazkik osotzen dabe.

Soka jantzea, jantzariek euren eskuak alkartuta soka edo kate bat eratuz egiten daben jantzea da; soka hau, zirkulo edegi eran zabaltzen da eta muturretako jantzariek zuzentzen dabe -aurrendari eta atzeskuak-, museo gernikarreko arduradunek azaldu dabenez.

Jantza mota honi buruz dagozan datu zaharrenak 1877. urte ingurukoak dira, eta herriaren, jantzari kopuruaren zein ospakizunaren arabera, modu desbardinetan interpretetan da, beti be, oinarrizko koreografia eta ohiko elementuak errespetauta. Erakusketa honetarako, Elgoibarren urtero, abuztuaren 24an, San Bartolome egunean, plazan jantzan egiten dan soka jantzea aukeratu da. 2011ra arte, 77 aldiz jarraian jantzi izan da plaza hau soka jantzeagaz.

Iñaki San Martinek, zinemagintzearen alorrean trebatua izanik, betidanik sentidu izan dau argazkigintza teknikakazko erakarpena. 1989an, Fotografia Soarte eratu eta gaur egun bere erakusketearen unibersoa osotzen daben argazkiak sortzen hasi da. Argazkilari gipuzkoarrarentzat, sormena eta obrearen kontzepzinoa izan dira duda barik erakusketan ikusiko diran argazkien osoketan zatirik garrantzitsuena.

Argazkilariaren berbetan, emakume eta gizon horreek, jantzariak eta txistulariak dira eguneroko lanagaz gure kultureari eusten deutsienak, lanaren benetako egileak, hain zuzen be.

Materialei jagokenean, argazkigintzea pintureagaz lotzeko asmoz, oinarrizkoenetatik hasi eta teknika digital sofistikatuenetaraino erabili ditu Iñaki San Martinek. Erakusketeak soka jantza tradizionala teknika bisual modernoen bidez ezagutzeko aukerea emoten dau, euskal kulturako elementu hau begirada berezi batez erakutsiz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu