Programazino anitza eta herritar guztientzat edegia Bilbon Mobikortasunaren Aste Europarrean

Bizkaie! 2011-09-15 11:31

Bilbo nire kotxe barik! hilaren 22an egingo da eta amaiera bikaina jarriko deutso hilaren 16an hasiko dan Mobikortasunaren Aste Europarrari.

Hamabigarren urtez jarraian Bilbo uriak bat egin dau Europar Batasunean 1988tik irailaren 22an ospatzen dauen Uria nire kotxe barik! ekimenagaz. Aurten be Bilboko Udalak egitarau potoloa antolatu dau Bizkaiko Foru Aldundia eta Bizkaiko Garraioen Partzuergoaren babesagaz eta hainbat enpresa, erakunde eta garraio operadoreren laguntzinoagaz. 2011ko Bilbo nire kotxe barik! hilaren 22an egingo da eta amaiera bikaina jarriko deutso hilaren 16an hasiko dan Mobikortasunaren Aste Europarrari. Zirkulazio eta Garraio zinegotzi ordezkari Asier Abaunzak jardunaldia aurkeztu dau.

Aurten Bilboko Udalak ekitaldi honetan parte hartzeko aukeratutako leloa Modu eraginkorrean mobiduteaz ari gara. Zutaz ari gara! da. Aitaturiko leloa Europar Batasunak 2020. urterako bete nahi dituan helburuakaz lotuta dago. Helburu horreek 20/20/20 ekimena lez ezagunak dira. Hau da, % 20 gitxitzea oinarrizko energiaren konsumoa eta Berotegi Efektuaren Gasen isurpena eta energia barriztagarrien erabilerea % 20 gehitzea. Helburuok lortzeko erronka nagusietako bat ibilgailu pribatuen joan-etorriak gitxitzea da.

Kontuak kontu, mobiduteko modu eraginkorragoak erabiltearen (oinez ibiltea, ibilgailu elektronikoak, hibridoak, elektrikoak, garraio publikoak, bizikletea eta bestelakoak) garrantziaz jaubetzeko, hona hemen, hiru datu: 100 ibilgailutik 82tan lagun bakarra doa; 36 toki dauen autobus bat beteten badogu, 29 ibilgailu pribatu etxean gera daitekez; eta Bilbora egunero etorten diran ibilgailuak ilaran ipiniko bageunkez, Parisera helduko litzatekez.

2010ean, Europako 2.221 urik hartu eben parte ekimen honetan, ordura arteko errekorra lortuz; horreetatik 68 Euskadiko uriak ziran, danetara 1.507.414 herritarren populazinoagaz.


Irailaren 22ko egitaraua

Bilbon adierazitako leloaz gain hamaika ekitaldi antolatu dira irailaren 16tik 22ra arte. Programazino edegia eta dobakoa zenbait kolektibo eta orokorrean herritar guztiek parte-har deien.

Mobikortasunaren Aste Europarrari amaierea emoteko irailaren 22an, eguena, Bilbao nire kotxe barik! eguna ospatuko da. Lutxana kalea izango da aurten atondutako ekitaldien gune nagusia. Lutxana izan da Bilbon oinezkoentzat ipini dan azken kalea. Beraz, hilaren 22an hurreratzen diranek Kirol Jokoak, bizikleta zirkuito bat, telegidatutako ibilgaluak, xake eta dama-joko erraldoiak, kontzientziazino mezu zintzilikariak eta gehiago topauko ditue. Eta 13:00etan Egunaren Manifestua irakurriko dau Jose Angel Iribarrek.


Mobikortasunaren Aste Europarra Bilbon

Irailaren 16tik 22ra izango da Mobikortasunaren Aste Europarra. Aurten be Bilbok bat egingo dau ekimen honegaz eta makinatxu bat ekitaldi antolatu ditu, danak dobakoak. Besteak beste, Ecodriving, modu ekologiko, ekonomiko eta erangikorrean gidatzeko ikastaroak, berbaldiak, I. Kirol Jokoak, II. Pintura Lehiaketea, bizikleta eta argazki rallya, bizikletea garraiatzeko trebetasun lehiaketea eta ikastaroak.

Ekitaldiotan parte hartu nahi izan ezkero 94 4054182 telefonora deitu edo www.bilbaosinmicoche.net eta www.bilbaonirekotxebarik.net webguneetan emon izena.


Irailaren 22an, barriz, Bilbao, nire kotxe barik eguna ospatuko da Bilboko Lutxana kalean, 10:30etik 19:30era.

Ekitaldian parte hartzen daben erakundeek beharrezkoak diran kontzientziazio jardunaldi honeek sustatu ez eze, autoak nagusi ez diran uri baten aldeko apustua egiten dabe: bizikletentzako bide gehiago, kaleak oinezkoentzat bihurtu, espaloiak zabaldu, garraio publikoa hobetu… Horreez gan, ostera, beharrezkoa da herritar bakotxaren ekarpena, izan be, Bilbon autoa erabili barik bizi daiteke, bestelako alternatibak sustatuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu