Kirmen Uribe, 2011ko Aste Nagusiko pregoilari izentau dabe
2011-07-12 14:22Bilboko Jai Batzordeak gaur goizean iragarri dau Kirmen Uribe idazle ondarroarra izentau dabela 2011ko Aste Nagusiaren pregoilari.

Bilboko Jai Batzordeak gaur goizean iragarri dau Kirmen Uribe izentau dabela 2011ko Aste Nagusiaren pregoilari.
Kirmen Uribe (Ondarroa, Bizkaia, 1970eko urriaren 5a) idazlea da. Arrantzale familia batean jaio zan. Euskal Filologia ikasi eban Gasteizen eta Literatura Konparatuko graduondoko ikasketak egin zituan Trenton (Italia). Bere lehenengo literatur sari handia kartzelan egoala jaso eban 1995ean, intsumiso zalarik. Becerro de Bengoa Saria, Jon Elordigaz batera moldatu eban Lizardi eta erotismoa lanagaitik.
Olerkiari jagokonez, Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001) poema-liburuaren agerpena iraultza lasaia izan zan euskal literaturearen munduan. Kritika Saria lortu eban eta lehenengo edizinoa hilabetean agortu zan. Liburua gaztelaniara (Visor, 2003), frantsesera (Castor Astral, 2006), ingelesera (Graywolf, 2007), katalanera (Proa, 2010) eta errusiarrera (Издательство Герника, 2011) itzuli da dagoeneko. Elizabeth Macklin idazle estadubatuarrak euskeratik zuzenean egin eban ingeleserako itzulpena. Lehen aldia zan euskeratik zuzenean itzulitako testu bat Amerikako Estadu Batuetako argitaletxe komertzial batean agertzen zana. Liburua finalista geratu zan 2007an Estadu Batuetan argitaratutako poesia itzulpen onenaren sarian (PEN Award for Poetry in Translation).
2008an argitaratu eban azkenik bere lehenengo nobelea, Bilbao-New York-Bilbao. Jakinmin handia piztu eban liburuak. Kritika Saria eta Espainiako Literatura Saria (Narratiba alorrean) jaso zituan. 2010ean garai berean argitaratu ziran gaztelania (Seix-Barral), gailego (Xerais) eta katalanerako itzulpenak (Edicions 62). Bilbao-New York-Bilbao nobelak egileak berak Bilboko Loiu aireportutik New Yorkeko JFKra egiten dauen alegiazko bidaia dau ardatz.
Informazino gehiago: www.kirmenuribe.com
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!