XIX. Euskal Encounter party-informatiko erraldoiak barrikuntza nabarmenak dakarz

Bizkaie! 2011-06-27 11:37

XIX. Euskal Encounter, nazinoartean erreferentziazkoa dan partya garagarrilaren 22tik 25era egingo da Barakaldoko BECen eta 4.000 ordenagailu eta 6.000 bisitari baino gehiago alkartuko ditu 35.000 metro koadroko areto batean.

XIX. Euskal Encounter, nazinoartean erreferentziazkoa dan partya garagarrilaren 22tik 25era egingo da Barakaldoko BECen eta 4.000 ordenagailu eta 6.000 bisitari baino gehiago alkartuko ditu 35.000 metro koadroko areto batean. Beste behin partaidetza errekorra gaindituta, plaza guztiak agortuta dagoz Aste Santutik eta itxaron zerrenda inoiz baino luzeagoa da, topaketan parte hartzeko eskaerak nabarmen hazi baitira aurten, antolatzaileek aditzera emon dabenez.

Partyak 4.000 ordenagailu eta 6.000 bisitari baino gehiago alkartuko ditu 35.000 metro koadroko areto batean, San Mameseko zelaia baina bost aldiz handiagoa. Gainera, 20 Gb segundoko konekzino-abiaduraz gozau ahal izango dabe partaideek. Abiadura hori Estaduan ospatzen diran era honetako ekitaldietan eskaintzen dabena baino askoz be handiagoa da, eta ohikoa dan banda zabala baino 3.000 aldiz azkarragoa.

Aurtengo nobedadeen artean, aitagarria da Robotika atala. Lehiaketa ugari antolatuko ditue partyaren barruan eta parte-hartzaileek funtzino jakinetarako robotak eregi eta programau beharko ditue.

Bideojokoek be aparteko garrantzia izango dabe. Online jokoen komunidade azpimarragarrienetako batzuk parte hartuko dabe Euskal Encounterrean, eta euren bideojokoak ekarri eta lehiaketak antolatzeaz arduratuko dira.


Mobikortasun teknologiak eta bideojokoak ardatz

Igaz estreinau zan Opengune izeneko zonak publiko guztiari edegiko deutsoz ateak aurten be, eta horren barruan antolako daben erakustazokan puntako produktu teknologikoak ezagutu eta erosteko aukerea izango dabe bertaratzen diranek. Espazio horretan batuko diran standetan aurkeztuko ditue mobikortasun teknologien eta bideojokoen arloetako azken barrikuntzak. Inaugurazino jardunaldia enpresei zuzendua egongo da, aitatu sektoreetako aurrerakuntzak eta partya bera ezagutu deiezan.

Euskal Encounterra gizarteari hurreratzeko asmoz sortu dan Openguneak, gainera, teknologiaren eta informatikearen munduan abangoardian dagozan personalidadeak ekarriko ditu BECera. Hitzaldi interesgarriz osoturiko kartela antolatzen dago Euskaltel Fundazinoa, informatikearen jai handi honen arduradun nagusia.


Partyko informazino sistemak optimizau ditue

Mainframe-ak erabiliko ditue aurten partyko informazino sistemak optimizetako. Horreek superordenagailu modukoak dira eta miloeka informazino zati azterzten ditue aldi berean. Horregaitik, erreminta egokiak dira finantza sistemetan, gobernuetan eta datu bolumen izugarriak -ehunka petabyte- erabilten dituen enpresa handietan erabilteko. Gainera, ordenagailu horreek ezagutzera emoteko tailer bat be egingo da.

Bestalde, Gamegune bideojokoen nazinoarteko lehiaketa profesionalaren bederatzigarren edizinoa egingo da aurten. Munduko 16 talde onenak izango dira munduko txapelketa azpimarragarrienetako bat dan honetan.

Jarduera horreez gan, hardware eta software libreko lehiaketak egingo dira, eta ordenagailuen errendimendua hobetzeko eta estetikoki eraldatzeko gaitasuna erakutsi beharko dabe partaideek, baita programetako ezagutzak praktikan jarri be. Arte digitaleko lehiaketak eta denpora pasarako joko ugari be egingo dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu