PuntuEus alkarteak .eus domeinua eskatuko dau 2012an

Bizkaie! 2011-06-23 10:56

2012agaz bat .eus eskatuko dogu eta, nahiz eta eskatzeak bere onarpena bermatzen ez dauen, ebaluazino fase osoaren ondoren, 2013a martxan egongo dan .eus domeinuagaz hasiko dogula sinisten dogu, esan dau PuntuEus alkarteak.

PuntuEus alkarteak .eus Interneteko domeinua eskatuko dau 2012. urtean, ICANN erakundeak datorren urteko urtarrilaren 12an lehen mailako domeinu orokor barriak eskatzeko aukerea zabaldu ondoren; izan be bagilaren 19tik 24ra, ICANN erakundea bere 41. bilerea egiten dago Singapur-en, eta hor erabagi dau 2012ko urtarrilaren 12an lehen mailako domeinu orokor barriak eskatzeko aukerea zabaltzea. Erabagi honek Interneteko aro barri baten hasierea iragarten dau, esan dau Peter Dengate Thrush ICANN erakundeko Zuzendaritza Mahaiko presidenteak. ICANNeko CEO Rod Beckstrom-en esanetan, edozein hizkuntza eta idazkerako lehen mailako domeinu barriak eskatu ahal izango dira. Holan, PuntuEus alkartetik azaldu dabenez, domeinuen historian lehen aldiz, hizkuntza eta idazkera desbardinetako domeinuak eskatzeko aukerea egongo da.

Dana dala, aitatu erabagia hartzea ez da erraza izan, bidea luzea izan dala gogoratu dabe. Lehen mailako domeinuak eskatzeko azken aukerea 2004an zabaldu zan eta, azken zazpi urtetan, ICANN erakundea domeinu barriak eskatzeko politikak zehaztu eta horreen ebaluazinorako erispideak finkatzeko eztabaida prozesuan egon da. Prozesu hori hurretik jarraitu dau PuntuEus alkarteak eztabaidearen parte izanez; baina ez dogu horren barri emon, ez baitogu .eus domeinua eskatzeko data zehatz eta hain egiazkorik gaur arte ezagutu, gaineratu dabe.

Era berean, orain arteko esperientziatik abiatuta, data zehatz honen gaineko ziurtasuna ez dau %100ean kokatu PuntuEus alkarteak, azken zazpi urteetan ICANNek aurkeztu dituan datak ICANNek berak atzeratu baititu. Baina egia da eztabaida prozesuak inoiz baino emoitza gehiago emon dituala azken urtebetean eta horrek erakusten deuskula 2012ko urtarrilaren 12an domeinuak eskatzeko aukerea kasik segurua izango dala, adierazo dabe.

ICANNek egutegi zehatza darabil: garagarrilaren erdialdean Applicant Guidebook gidaliburuaren azken bersinoa onartuko da (domeinuak eskatzeko bete behar diran baldintzen eta dokumentuen gidaliburua); abuztutik aurrera eta lau bat hilebetez, domeinu barriak eskatzeko prozesua zabaltzearen barri emoteko mundu mailako komunikazino kanpainea jarriko dabe martxan; eta, horren ondoren, 2012ko urtarrilaren 12an hasi eta apirilaren 12ra arte, lehen mailako domeinu barriak eskatzeko leihoa zabalik egongo da.

PuntuEus albiste honen zain egon da jaio zan egunetik. Hiru urte baino gehiago daroaguz prozesua hurretik jarraitu eta bertan parte hartzen. Hiru urte horreetan izaera, neurri eta jatorri desbardinetako 60 alkarte eta erakundek baino gehiagok egin dabe bat PuntuEus alkartean eta 26.500 atxikimendu personaletik gora jaso doguz gure webgunean, azaldu dabe.

Orain hile erabagigarriak datozela nabarmendu dabe, eskatzen deuskuezan baldintza guztiak bete eta proiektuari benetako bultzadea emotekoa. PuntuEus alkarteak horretan jardun dau eta .eus eskatu eta lortzera bideratuko ditu bere indar guztiak. 2012agaz bat .eus eskatuko dogu eta, nahiz eta eskatzeak bere onarpena bermatzen ez dauen, ebaluazino fase osoaren ondoren, 2013a martxan egongo dan .eus domeinuagaz hasiko dogula sinisten dogu, esan dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu