Elexartza baserritik Arrabako landara
2011-06-22 12:33Enrikeren arreba Ana Marik ur bedeinkatua botaz eta San Joanek jagon daizala Arrabako landan! esaldiagaz artaldea artzainen patroiaren babespean jarri ostean, Uribeko Elexartza baserritik (Zeanuri) abiatuko dira Enrike Etxebarria eta bere ardiak Arrabako landara zuzentzeko, lehenago bere aitak eta aititak be urtero egiten eben ibilbide bera eginez.
Enrikeren arreba Ana Marik ur bedeinkatua botaz eta San Joanek jagon daizala Arrabako landan! esaldiagaz artaldea artzainen patroiaren babespean jarri ostean, Uribeko Elexartza baserritik (Zeanuri) abiatuko dira Enrike Etxebarria eta bere ardiak Arrabako landara zuzentzeko, lehenago bere aitak eta aititak be urtero egiten eben ibilbide bera eginez.
Antxinako indarragaz ez bada be, oraindino bizirik dirau abeltzaintzeak Arratian eta Gorbeia mendiaren inguruetako herrietan. Lur honeetan aspaldidanik abelgorri, zaldi, ahuntz eta batez be ardi aziendek bazkatzen dabe. Urtaroek dakarrezan eguraldi aldaketen ondorioz, Gorbeialdeko abeltzainek mendiko larreak itxi behar izaten ditue; lehenengo edurtzakaz batera, artzainank eta euren ganaduak haraneko barrutietara bajatuten dira, mendia lurmendu eta bedar barria ernetzen hasi arte bertan geratzeko.
Udabarrian naturea neguko letargiatik iratzartzeaz batera, barriro hartuko dabe gorako bidea basoko ganaduek, hurrengo negura arte Gorbeiako landa emonkor eta freskoetan bazkatuz. Antxinatik datorren ohitureari jarraituz, bagilaren 26an, domekan —aurten, ohikoa izan dan baino hilebete beranduago—, Enrike Etxebarriak eta bere artaldeak Elexartza baserritik urten eta Arrabako landarainoko ibilbidea egingo dabe. Gorbeiatik bajatu zanetik etxe inguruan jagon ditu ardiak Enrikek, eta azken hileotan, neguan eta udabarrian artzaintzak eskatzen dituan beharrak egiteari gogor ekin deutso: lehenengo axurien jaiotzea, hazkuntzea eta salmentea, eta gero esnebatzea eta esne hori saltzea; ganera, aurten ardiei gora igon aurretik moztu deutse ardi-ulea Elexartzan.
Gorbeiako egonaldia
Honezkero Gorbeia mendian bedarra hazi egin da eta ganaduak hartzeko prest azaltzen dira larreak janari gozoa eskainiz, horregaitik bertara igongo dau Enrikek artaldeagaz, hurrengo hilebetean bere ardiek emongo deutsen esne aberatsaz goi mailako gaztaiak egiteko.
Garagarrilaren amaierara arte Lekandapean daukan txabolea izango da bere bizilekua eta artaldea jagotea, esnea batzea eta gaztaiak egitea egunero bete beharko dituan beharrak. Goizez eta arrastiz, berrehunen bat ardiren errapeak igaroko dira Enrikeren eskuetatik; gaztaigintzea be birritan egiten dau, hoizean eta gauean. Holakoa izango da egunen joan-etorria, garagarrilaren 31k, San Inazio egunak, ardiak antzutu eta pastorearen udako mendiko egonaldia amaitu dala iragarri arte.
Enrike Etxebarria Zeanurin, Uribe auzuneko Elexartza baserrian jaio zan 1943ko abenduaren 8aan, beraz, 67 urte daukaz. Baserri horretan bizi da gaur egun be. Hamalau urte eukazala, eskolea itxi, eta Basilio bere aitaren lanbideari heldu eutson Enrikek. Pastorea izateaz aparte, 1960 eta 1992 urteen bitartean Arrabako landan dagoan Mendi Federakundearen Aterpetxeaz arduratu ziran aita-semeak.
Arraban dauka txabolea Enrikek, Lekandapean. Leku horretan izan eban babeslekua bere aita Basiliok. Orain dala hogeita hamarren bat urte txabolea barriztau egin eban eta apurka-apurka gaur egungo beharrizanetara egokitu dau; berbarako, eguzki energiaren indarra aprobetxetako tresneriari esker argindarra dauka.
Bagilaren 26ko larre-aldaketeari buruzko zehetasunak
* Bilera puntua: Zeanuriko plazan, goizeko 09:00etan.
* 09:15ean: Elexartza baserriaren aurrean Enrike Etxebarriagaz alkartzea.
* 09:30ean: Elexartza baserritik Gorbeiarantz abiatzea.
* 12:30ean: Arrabako landan, Enrikeren txabolara heltzea. Txabolea bisitau eta hamaiketakoa egiteko aukerea izango da.
* 13:00etan: Jaitsierea, abiapuntura heltzeko.
* 14:30ean: Abiapuntura heltzea.
* Oharra: Basoko botak janztea komenidu da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!