Umpro etxearen babesagaz, Alex Txikonek kotxez ekingo deutso K2-rako espedizinoari

Bizkaie! 2011-05-18 15:41

K2-ra mendi-espedizinoaz gan, bi dira abenturearen helburuak: batetik, herri kirolak Europan eta Asian sustatzea eta, bestetik, Gernika eta Pakistan arteko bidea egiteko erabiliko daben ibilgailua Felix Iñurrategi Baltistan Fundazinoari emotea.

Mendizale eta aizkolari bizkaitarrak datorren astean, maiatzaren 26an ekingo deutso abentura-espedizino barriari. Ohiz kanpoko abenturea izango da, aizkora saioak, mendia eta alkartasuna buztartuko dituana. Era berean, Pakistaneraino kotxez joatea be sano deigarria da Alex Txikonen era horretako lehenengo esperientzia ez bada be. Oraingoan, Pakistan izango da helburua eta bidea kotxez egitea da asmoa. Alex Txikoneagaz batera, Ernesto Ezpeleta 'Bihurri' aizkolaria, Xabier Erro mendizalea eta David Maeztu eta Eukeni Arriortua Bideografik-eko kamara eta argazkilariak doaz. Hamasei bat egunetan egingo dabe Gernika eta Skardu arteko bidea eta tartean hiru aizkora saio egingo ditue Alexek eta Bihurrik Austrian, Iranen eta Skardun. Austrian Alexen zain egongo dira Gerfried Göeschl eta Louis Rousseau, joandako neguan Gasherbrum I mendiaren tontorra zapaltzeko ahaleginetan lagun izan dituanak, izan be, hiruren asmoa K2 igotea izango da. Hori baino lehen, Pakistanen Alexek Juanra Madariaga eta Jose Carlos Tamayo izango ditu zain. Madariaga eta tamayo Gasherbrum I mendia igoteko amesagaz doaz eta Alexek eurekaz batera egingo dau aklimatazinoa.

Kontuak kontu, mendi-espedizinoaz gan, bi dira abenturearen helburuak: batetik, herri kirolak Europan eta Asian sustatzea eta, bestetik, Gernika eta Pakistan arteko bidea egiteko erabiliko daben ibilgailua Felix Iñurrategi Baltistan Fundazinoari emotea.

Alex Txikon mendian ez eze, holako abenturatan esperientzia handikoa da eta oraingo hau bere bi pasinoak diran haizkora jokoa eta mendia buztartzeko beste aukera bat dala adierazo dau. Horrezaz gan, Felix Baltistan Fundazinoari lagako deutsagu Pakistanera eroango gaituan kotxea eta alde horretatik abenturea sano interesgarria da esan dau. Mendiari jagokonez, K2-ren tontorrera, ekialdeko hegaletik eta modu alpinoan heltzea da asmoa Gerfried Göeschl eta Louis Rousseau lagunakaz batera.

Abentura-espedizino berezi honen eta babesle nagusi izango dan Umpro - Grupo inmobiliario etxearen aurkezpena gaur egin dabe Zornotzako Boroa Jatetxean. Umpro-ren babes barik abentura hau ez litzateke posible izango adierazo dau Alex Txikonek. Umpro-koak lagunak dirala autortu dau Alexek eta hasiratik ondo hartu ebela proiektua eta babes osoa emoteko prest azaldu zirala. Umpro-ren izenean, Oihane Urrutikoetxea and.ak esan dau ez dala lehenengo aldia Umpro etxeak kirola babesten dauena, izan be, hor dagoz Urdaibai Arraun Taldea, Zornotzako txirrindularitza taldeak zein futbol arloan emondako babesa.

Aurkezpen ekitaldian izan dira abenturan parte hartuko daben bost lagunak, Umpro etxearen ordezkariak zein Alex Txikonen ganerako babesleetako ordezkariak. Horreekaz batera, besteak beste, Sebastian Alvaro (Al Filo de lo Imposible), Roberto Laiseka eta David Etxebarria txirrindulari ohiak, Jose Angel Iribar (Athletic), Juanra Madariaga eta Jose Carlos Tamayo mendizaleak, Juan Mari Atutxa (Sabino Arana Fundazinoa), Pedro Mari Goikoetxea (ETB) eta Felix Baltistan Iñurrategi Fundazinoko ordezkariak izan dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu