Bagilean jarriko ditue martxan Bilboko Ibaigane jauregira egingo diran bisitak

Bizkaie! 2011-05-18 12:33

Ekimena ondarearen zabalkunderako Bilbao Izan programearen barruan sartzen da. Jarduerea, Bizkaiko Abokatuen Elkargoa jasoten dauen Aburto Etxeari egindako bisitakaz inaugurau zan. Jenteari bere ateak edegiko deutsozan hurrengo higiezina, Athletic Club taldearen egoitzea dan Ibaiganeko Jauregia izango da, bagilaren 1etik aurrera.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak uriko eraikin enblematikoetara egiten diran bisita gidatuak jarri zituan martxan maiatzaren hasieran. Ekimen hori, ondarearen zabalkunderako Bilbao Izan programearen barruan sartzen da. Jarduerea, Bizkaiko Abokatuen Elkargoa jasoten dauen Aburto Etxeari egindako bisitakaz inaugurau zan. Jenteari bere ateak edegiko deutsozan hurrengo higiezina, Athletic Club taldearen egoitzea dan Ibaiganeko Jauregia izango da, bagilaren 1etik aurrera.

Ibaiganeko jauregira egingo diran bisitak euskeraz eta gaztelaniaz izango dira. Eskaria gero eta handiagoa danez, Kultura eta Hezkuntza Sailak ordutegiak zabaldu behar izan ditu. Holan, martitzenetako bisitak 17:30ean izango dira, eta eguaztenetik barikura bi txanda egongo dira, arratsaldeko 16:00etan eta 17:45ean, bagilaren 30era arte. Bisitek ordu eta erdi inguruko iraupena izango dabe, eta talde bakotxak, gehienez be, 25 persona izango ditu. Hori dala eta, beharrezkoa izango da erreserbea egitea 94 4052788 telefono zenbakian (goizeko 9:30etatik 13:30era).

Ibaiganeko jauregia 1900ean eregi eban Gregorio Ibarretxe arkitektoak (1865-1934), Ramón de la Sota y Llano ontzigile eta industria-gizonaren aginduz. Gerra Zibilaren ondoren, Gobernu Militarra bertan egon zan, baina demokrazia berreskuratu eta gero, eraikina bere jaubeei itzuli jaken. 1986an, higiezina Athletic Club taldeak erosi eban, eta barriztau eta gero, bertan dauka egoitza nagusia. Lehen garai barrokoko eraikin klasizistea da, estilo neo-euskaldunagaz fusionauta, XX. mendearen hasieran oso modan egoan jokerea. Eraikinaren egitureak, Bizkaiko erdi aroko torretxeak gogorarazoten ditu.

Ekimenak uda ostean izango dau jarraipena, irailean, Sociedad Bilbaínara egingo diran bisitakaz. Beste biak bezela, Bilboko lehen Zabalgunea izenez ezagutzen dan inguruko higiezin esanguratsua da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu