Gordexolako VI. Dultzaina Eguna ospatuko da maiatzaren 1ean

Bizkaie! 2011-04-26 15:34

Ohitura zaharrei eta Euskal Herrian sendo dirauten musika-tresnei eustea da jaiaren helburu nagusia, Gordexolako Udaleko iturriek jakinarazo dabenez.

Dultzaina Egunaren seigarren edizinoa ospatuko da maiatzaren 1ean Gordexolan (Bizkaia). Ohiturei eta Euskal Herrian sendo dirauten musika-tresnei eustea da jaiaren helburu nagusia, Gordexolako Udaleko iturriek jakinarazo dabenez.

Gordexolan eta Enkarterri osoan aspalditik oso zabal dabilen ohiturea ospatzeko, goizeko 11:00etatik bazkaltzeko ordura arte makinatxu bat ekitaldi antolatu ditue: goizeko 11:00etan, Molinar plazan dultzaineroen musikeak aurtengo edizinoari hasierea emongo deutso. Ondoren, udalerriko kale guztietan zehar giroa alaituz ibiliko dan kalejirea hasiko da. Kaljirea 13:00 aldera amaitu eta berehala hasiko da dultzaineroen emonaldia. Ordu erdi lehenago, plazara hurreratzen diran neska-mutilek dultzaineari buruzko gauza gehiago ikasteko aukerea izango dabe, 12:30etan dultzaina-tailerra hasiko da-eta.

Dultzaineroen emonaldiaren ostean, tabernetatik egingo dan kalejiran parte hartzeko aukerea izango da. Ganera, aurreko urteetan legez, Dultzaina Egunean baserriko produktuak ikusi eta erosi ahal izango dira, euskal pastela, ogia, barazkiak, gaztaia, txarrikiak eta kontserbak. Artisauek be parte hartuko dabe, eta euren lanak erakutsi eta salduko ditue.

Horrezaz gan, goiz osoan zehar Gordexolako argazki zaharrak egongo dira ikusgai; jaietan izandako arrakastearen ondoren, erakusketea barriro be kalera atarako da, ondare artistikoaren eta Gordexolako Udalak gordexolarrakaz batera egindako argazkiak batzeko lanaren erakusgarri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu