Emakunde Saria jasoko dau Teresa del Valle Murga katedradunak

Bizkaie! 2011-04-13 11:34

Emakundek azken urtean egindako lana eta aurrera begirako erronkak errepasauko ditu gaur, hilak 13, arratsaldeko 19:00etatik aurrera AlhondigaBilbao zentroan ospatuko dan Emakunde Gaua ekitaldian.

Emakundek azken urtean egindako lana eta aurrera begirako erronkak errepasauko ditu gaur, hilak 13, arratsaldeko 19:00etatik aurrera AlhondigaBilbao zentroan ospatuko dan Emakunde Gaua ekitaldian. Bertan, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak Bardintasunerako Emakunde Saria emongo deutsie Teresa del Valle Murga katedradunari. Ekitaldia mundu akademikoan lan egiten daben eta egin daben emakumeei omenaldia izango da.

Musika-ikuskizun baten ondoren, Emakundeko zuzendariak gizarteko arlo desbardinetako ordezkarien galderak erantzungo ditu institutuak egindako lanaren inguruan eta aurrera begira dituan proiektuen inguruan. Besteak beste, erantzukizun partekatua, bizitza personala eta lanaren bateragarritasuna, hezkuntzea, gizonen inplikazinoa edota emakumeen kontrako indarkeria izango ditu berbagai.

Ekitaldiaren bigarren zatian, Teresa del Valle Murga katedradunari Bardintasunerako Emakunde Saria emongo jako. Emakunde Sariaren epaimahairen arabera, Teresa del Valle erreferentea da euskal mundu akademikoan bardintasunaren alorrean eta lan handia egin dau emakumeen errealidadearen ezagutzaren transmisinoan, batez be euskal emakumeen errealidadearen transmisinoan. Erabagia hartzeko orduan, epaimahaiak kontuan izan dau, haren maila akademikoaz gan, gizartean dauen eragina eta baita gizartearen sektore desbardinetatik egindako eskaerei emondako erantzuna eta laguntza.

Honegaz batera, Emakunde Sariko epaimahaiak azpimarratu dau Teresa del Valleri emondako sariagaz, ikerketa, ezagutza eta irakaskuntzan lan egiten daben emakume guztiei egin nahi jakela omenaldia, kontuan izanda gainera 2010ean 100 urte bete zirala emakumeak unibersidadean askatasunez matrikuletako aukerea izan ebenetik, ikasle izateko ezelako baimenik barik.


Teresa del Valle Murga

Teresa del Valle Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Antropologiako katedraduna da. Mikronesia eta Euskal Herria izan ditu ikergai ondoko gaietan: antropologia feministea, antropología politikoa, erritualak, aldaketa soziala eta espazio eta denpora kategoriak.

Irakaskuntzea eta ikerketea buztartu ditu Gizarte Antropologia eta Antropologia Feminista gaiak nagusi izanik. Horreen barruan berenberegi landu ditu espazio eta denporeagaz zerikusia daben gaiak; jabetza eta ahaidetasunari buruzkoak; etnizidadea eta erritualak; sozializazino barrien eragina hartu-emon eta egitura paritarioetan; emakume eta gizonen botereari buruzko teorizazinoa.

Argitalpenei jagokenez, 16 liburu ditu: bederatzi egile legez, lau editore legez eta hiru egilekide moduan. Horreen artean aitagarriak dira Mujer vasca. Imagen y realidad, Korrika rituales de la lengua en el espacio, Culturas oceánicas: Micronesia, Las mujeres en la ciudad. Estudio aplicado de Donostia, Género y sexualidad edo Andamios para una nueva ciudad. Lecturas desde la antropología.

Beste liburu batzuetako kapituluak be idatzi ditu, danetara 60 autore bakar bezela eta bi beste egile batzuekaz. Aldizkari zientifikoetan 42 artikulu argitaratu ditu bakarka eta hiru beste egile batzuekaz batera.

Eskarmentu handikoa da tesiak zuzentzen eta lan taldeetan ikertzen, azkena, Narceak argitaratua 2002an, Modelos emergentes en los sistemas y relaciones de género izenburupean. Egun haren ikerketa gaiak emakume helduak eta memoriaren etnografian dagoz oinarrituta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu