Internet eta adin gitxikoen ganeko txostena aurkeztu dau EHUk Madrilen

Bizkaie! 2011-03-28 15:39

Arriskuak eta segurtasuna Interneten: Espainiako adin gutxikoak Europaren testuinguruan txostena aurkeztu dabe gaur, martiaren 28a, Madrilen, Europako Batzordeak urian daukan egoitzan. Euskal Herriko Unibertsitateak EU Kids Online izeneko Europako ikerketa sarearen barruan egin dau azterlana.

Arriskuak eta segurtasuna Interneten: Espainiako adin gutxikoak Europaren testuinguruan txostena aurkeztu dabe gaur, martiaren 28a, Madrilen, Europako Batzordeak urian daukan egoitzan. Euskal Herriko Unibertsitateak EU Kids Online izeneko Europako ikerketa sarearen barruan egin dau azterlana. Gurasoak gehiago inplikau behar dirala adin gitxikoak Interneten seguruago ibilteko izan da ikerketearen ondorio nagusia.

Euskal Herriko Unibertsitateak egindako txostenak dinoenez, Internetek umeentzat izan leiken arriskuen eragina txikiagoa da Espainian Europako beste herrialdeetan baino. Inkestea Europako 25 herrialdeko 9 eta 16 urte bitarteko 25.000 neska-mutili egin jake. Ume bakotxaren gurasoetako batek be erantzun deutse galderei.

Edozelan be, arriskuek hemen eragin txikiagoa izan arren, EHUko Maialen Garmendia irakaslearen zuzendaritzapean egindako txostenean azpimarratzen danez, gurasoak gehiago inplikau behar dira seme-alabak Interneten dabilzanean. Edukin sexualeko mezuak jasotako neska-mutikoen gurasoen %67k ez ekien ezer. Antzeko emoitzak lortu ditue beste kasu batzuetan be: Interneten bidez jazarpen mezuak jaso zituen neska-mutikoen gurasoen %61k ez eukan horren barririk, ezta edukin sexualak ikusi zituen adin gitxikoen gurasoen %51k bere ez. Garmendia irakasleak prentsaurrekoan adierazio dauenez, bizitzaren arlo guztietan lez, Interneten oso gatxa da adin gitxikoak arrisku guztietatik babestea. Halanda be, gurasoen laguntzinoa funtsezkoa da adin gitxikoek arriskuok gainditzeko ondorio txar barik.

Aurkeztutako azterlaneko datuen arabera, Espainian 9 eta 16 urte bitarteko neska-mutikoen %11k ikusi ditue edukin sexualak Interneten: eta Europan, barriz, %14k. Mezu sexualak jasotako neska-mutikoen zenbatekoetan be alde nabarmena dago Espainiaren eta Europako batez bestekoaren artean: Espainian 11 eta 16 urte bitarteko adin gitxikoen %9k jaso dabe halango mezuren bat, eta Europan, ostera, %15ek batez beste.

Jazarpenerako edo cyberbullyingerako teknologia barrien erabilerea be txikiagoa da Espainian: inkestaren arabera, inoiz halango jazarpena jaso daben adin gitxikoak ez dira %5era heltzen Espainian, eta Europan, barriz, %6 dira. Dana dala, kopuruak asko aldatzen dira herrialdetik herrialdera.

Arriskuak eta segurtasuna Interneten: Espainiako adin gutxikoak Europaren testuinguruan txostenean ezezagunekaz hartu-emonak izatearen inguruko datuak be agiri dira. Europan, adin gitxikoen %30ek eta Espainian %21ek adierazo dabe Internetez hartu-emonetan egon zirala aurrez aurre sekula ezagutu bako personekaz. Europan nahiz Espainian umeen %9k esan eban nozonoz geratu zirala Interneten bidez ezagututako nononogaz. Arriskuok dana dala, oso modu desbardinetan eragiten deutsie gazteei. Edukin sexualak ikusteagaitik, ezezagunekaz geratzeagaitik edo mezu sexualak jasoteagaitik lur jota geratu diran umeak %20 baino gitxiago dira. Cyberbullyingaren kasuan, barriz, mota horretako jazarpena jaso daben hamar umetik bederatzik esan eben lur jota egozala.

Txostenaren beste ondorioetako bat da Internet adin gitxikoen bizitzearen eta komunikazinoaren parte oso inportantea bihurtu dala, nahiz eta hori Espainian neurri txikiagoan gertatzen dan Europako beste herrialde batzuen aldean. Neska-mutiko espainiarrek batez beste 71 minutu ematen ditue egunean Interneten; eta 88 minutu, ostera, Europakoek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu