Metaposta dokumentu-gordailu elektronikoa aurkeztu dabe
2011-02-16 14:44Egunero, 24 orduz, asteko 7 egunetan egin ahal izango dira kontsultak www.metaposta.com webgunean.

Bernabé Unda Industria, Barrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak eta Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazino sailburuak, Juan Goicolea Barrikuntza eta Teknologia sailburuorde eta Metapostako presidenteagaz batera, dokumentu-gordailu elektronikoa eta sarean erabilteko moduko postontzia eskaintzen dituan Metaposta zerbitzua aurkeztu dabe gaur. Eusko Jaurlaritzeak Informazinoaren Gizartea bultzatzeko abiarazo dituan ekimen estrategikoen barruan dago Metaposta.
Gaurko ekitaldia Arabako Teknologia Parkeko erakusketa aretoan egin da, Miñaon, Metapostagaz igorle moduan lankidetzan dabizan Amvisa, Banco Guipuzcoano, Bankoa Crédit Agricole, Bilbao Bizkaia Kutxa, Caja Laboral Euskadiko Kutxa, Caja Vital Kutxa, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Eroski, Euskaltel, Gaia, Iberdrola, Ipar Kutxa, Kutxa, KZgunea, Naturgas Energia, Osakidetza, Lagun Aro Aseguruak eta Txingudiko Zerbitzuak enpresen ordezkariekaz.
Metaposta erabilteko erraztasuna azpimarratu dabe zerbitzuaren arduradunek. Egunero, 24 orduz, asteko 7 egunetan egin daitekez kontsultak; nahikoa da Internetera konektetea eta www.metaposta.com webgunera sartzea.
Metaposta etxeko artxibategiaren ordezko legez sortu da, etxe askotan ohikoa dan faktura, agiri eta papelen kaosari urtenbidea emoteko asmoz. Hau proposamenau Eusko Jaurlaritzeak 2008an abiarazo eban, Euskadi Informazino Gizartean 2010 Planaren barruan.
Metapostak Interneten erabilteko moduko dokumentu-gordailu elektronikoa eta postontzia garatzea dau helburu, herritarrentzat nahiz enpresentzat balio handikoak diran agiriak espazio elektroniko personal batean batzeko aukerea izan deien. Horrezaz gan, Metapostak ohiko postontziari jagokon zerbitzua eskainiko dau. Herritarrek sistema honen bidez jasoko dituen dokumentu asko eta asko postontzi fisikoan jasoten dituen berberak izango dira: fakturak, kontu-laburpenak, egiaztagiriak, polizak, kontratuak, zitazinoak, jakinarazpenak, nominak eta abar. Orain arte, 18 erakundek bat egin dabe Metaposta sistemeagaz.
Segurtasun-bermea da Metaposta zerbitzuaren funtsezko oinarrietako bat, eta horretarako, euskal Administrazinoaren zerbitzarietan kokatuko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!