Euskadik Fiturrera eroango dau teknologia barrien alde egiten dagoan apustua

Bizkaie! 2011-01-19 10:07

Bizkaiko Aldundiak Bilbao-Bizkaia, haritzetik titaniora izeneko standa jarri dau, tradizino eta modernidade kontzeptu estetikoak integretea oinarri izango dauen gunean.

Euskadik beste urte batez parte hartuko dau XXXI. Fiturren, Espainiako turismo-feria garrantzitsuenean, gaurtik, urtarrilaren 19tik 23ra bitartean.

Igaz marka turistikoa estreinau eban, Euskadi goza ezazu, eta aurten, aldiz, bere nobedade aitagarrienak eroango ditu Madrilgo Turismoari buruzko Nazinoarteko Feriara, horreetako asko Internet eta gizarte-sareei buruzko estrategia barriakaz loturikoak. Merkataritza eta Turismo sailburuorde Pilar Zorrila izango da Eusko Jaurlaritzearen ordezkaritzearen buru inaugurazinoan.

Euskadik, 2010ean autonomia-erkidegoen kategorian Fiturreko stand onenari emondako saria irabazi ebanak, birmoldatu egin dau aurten 1.000 metro koadroko bere gunea Ifemako 9. pabilioian. Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak kudeaturiko standari esker, erakundearen nobedadeak jarraitu ahal izango dira: euskadisaboreala.es, Euskadiko enbaxadoreei zuzendurikoa, anonimoak zein pertsonaia ezagunak dirala, eta www.tveuskadi.net, Eusko Jaurlaritzaren Turismoari buruzko Internet bidezko telebista barria, horren bidez jarrai baitaitekez Euskadin izaten diran jazoera garrantzitsuenak eta ikus baitaitekez erakargarri garrantzitsuenak batzen dituen bideoak: gastronomia, enologia, ibilbideak, bilera-turismoa eta abar.

Euskadi osoan zeharreko ibilbide betea egin daiteke standean. Kanpo-aurkezpenari jagokonez, gune ikusgarria da eta Euskadiko eskaintza turistiko nagusiak bertan ikus daitekez pantaila erraldoian emongo diran bideoetan.

Kanpoaldeak, bere ertzetako hirutan jarritako kartoi-kutxen joko dinamiko batean oinarrituta egindakoak, itxura ekologiko eta berrerabilgarria emoten deutso, Euskadiko produktuei buruzko grafika-ikonografika bategaz.

Standean igaz horrenbesterako arrakastea izan eban maleten kontzeptuari eutsi, eta barrikuntza-osogai bat erantsi jako, izan be, standean jazoten dan guztia jarraitu ahal izango da tveuskadi.net webgunearen bidez.

Gunearen barrualdeak plaza handi bat dauka puntu neuralgikotzat, aireko lau pantaila handigaz (kubo moduan) Euskadiri buruzko bideoaren eta enbaxadoreei buruzko bideoen proiekzinoakaz. Bertan dagoz mostradore guztiak: Gasteiz, Bilbo, Donostia, Euskal Kostaldea, Berdea eta naturala eta Arabako Errioxa.

Mostradore bakotxaren atzean egongo dira marka bakotxari jagokozan maletak, igazko standean erabilitakoak. Horrezaz gan, eta nobedade legez, naturarako bigarren gune bat be izango da, Natura eta abentura deiturikoa, eta bertan batuko dira produktu barriak, hau da, Surfinga, Birdinga (hegaztiak begiztatzea), BTTa eta Senderismoa.

Zentro horretan bertan egongo da Ipad-Ikutu eta sinetsi gunea, jenteari oro har zabaldurikoa, eta bertan Euskadiri buruzko informazinoa ezagutu eta bilatu ahal izango da honako webguneen bidez: euskaditurismo.net; euskadisaboreala.es eta tveuskadi.net.

Hilaren 22an, standera hurreratuko diran ‘enbaxadore’ anonimoei omenaldia egingo jake. Euskadik 2.500 ‘enbaxadore’ baino gehiago ditu, euskadisaboreala.es webgunaren bidez eta Facebookeko Yo también soy embajador/a de Euskadi profilaren bidez batu diranak.


Bizkaia Fiturren

Bizkaiko Aldundiak Bilbao-Bizkaia, haritzetik titaniora izeneko standa jarri dau, tradizino eta modernidade kontzeptu estetikoak integretea oinarri izango dauen gunean.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak bihar, eguenean, urtarrilaren 20an, Madrilgo Cibeles jauregian antolatu daben sustapen-ekitaldia izango da. Ekitaldian hainbat arlotako persona ezagunak egongo dira, besteak beste, ekonomiaren, politikaren eta gizartearen arloetakoak, artistak, kirolariak eta Madrilen bizi diran beste euskaldun ospetsu batzuk be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu