Urre bilatzaileen bizipenak izango dira protagonista bereziak BBKren XVII. Mendi Astean

Dabi Piedra 2010-12-13 14:45

Mendi Asteko berbaldiak hasteko Javier Reverte idazlearen berbak izango dira entzungai gaur, astelehena, eta hori da nobedade nagusia. Kanadako ipar-mendebaldeko Yukon lurraldean orain dala ehun urte baino gehiago urrea topau eben eta milaka personak hara ailegau eta bizimodu hobea izateko esperantzan bizitako abenturea azalduko dau Revertek.

Ohiko moduan, mendiagaz eta abentureagaz lotutako berbaldiak izango dira aurtengo Mendi Astearen ardatza, gaur, astelehena, hasi eta eguenera arte. Besteak beste, Kanada ipar-mendebaldeko Yukon lurraldean XIX. mendearen amaieran gertatutako Urrearen Sukarra berbagai izango dau Javier Reverte idazleak eta, horregaz lotuta, argazki erakusketea be ipini dabe BBK Aretoan. Yukoneko urre-bilatzaileen bizimodua agiri da antxinako irudiotan.

Bestetik, 2010eko Pagasarri martxea be aurkeztu dau Bilbao Bizkaia Kutxak. Aurten, 20. ekitaldia beteko dau, dagoeneko tradizinozko igoerea bihurtu dan ibilaldi horrek. Hori dala eta, 1991ko lehenengo igoerea errepetiduko dabe domeka honetan, gitxi gorabehera. 'Ibilbidea bardin-bardin errepetidutea ezinezkoa da, gaur egun joaten dan jentetzea ez litzatekeelako sartuko orain dala 20 urte erabilitako bidezidorretatik', azaldu dau Juanjo San Sebastian mendizale eta Mendi Astearen antolatzaileak. Rekalde, Arraiz eta Ganetatik egingo dabe ibilaldia, lehenengo ekitaldia gogoratuz. Aurten, izerditako jertse bana erregalauko deutsie Pagasarri Martxan izena emoten daben guztiei.

BBK-ren mendi astean, ohiko moduan, 'goi mailako mendizaleak, munduko onenetakoak' egongo dira, San Sebastianek azpimarratu dauenez. Eskaladearen arloan, Chris Sharma da gaur egun abilenetakoa, urrian Bilboko errekearen ganean egindako eskalada-lehiaketea irabazita garbi geratu zanez. Eguaztenean, berbaldia emongo dau Bilbon Sharmak. Dean Potter alpinistea, Celso Martinez Finuco eskalatzailea eta Juan Vallejo euskal mendizale ezaguna be egongo dira asteon BBK aretoan. Hitzaldi guztiak, iluntzeko zortziretan hasiko dira eta doban sartu ahal izango da. 'Gure Mendi Astera kontakizun originalak ekarri gura doguz, ez mediatikoak', ganeratu dau Juanjo San Sebastianek.

Mendi Asteko berbaldiak hasteko, baina, Javier Reverte idazlearen berbak izango dira entzungai gaur, astelehena, eta hori da nobedade nagusia. Kanadako ipar-mendebaldeko Yukon lurraldean orain dala ehun urte baino gehiago urrea topau eben eta milaka personak hara ailegau eta bizimodu hobea izateko esperantzan bizitako abenturea azalduko dau Revertek. 'Mendi Asteari ikuspuntu desbardina, zentzu literarioa, emon gura deutsat', azaldu dau idazlek berak. Lurralde urrunei eta bidaiei buruz sarri idatzi ditu liburuak Javier Revertek eta Yukonera egindako bidaiaren ganean be lan bat kaleratu eban igaz, 'Yukonekoa nire bizitzako abenturarik ederrena eta emozionanteean izan zan, oso leku basatia da', esan dau. Yukon, el rio de la luz, hori da liburuaren izenburua eta baita berbaldiarena be.

Ganera, BBK aretoan, Yukonera joandako urre-bilatzaileen ganeko erakusketea dago ikusgai egunotan. 52 argazkitan, urre-bilatzaileen bizimodu gogor eta berezia ez eze, Yukonera joateko bide latza be erakusten da, 'XIX. mendearen hasieran urrea egoan lekura heltzeko egun askoko bidea egin behar zan oinez eta kanoaz', Reverteren esanetan. Michelle Alzolak atondu dau erakusketea, Yukoneko artxibo historikoan arakatuta. Argazki guztiak zaharrak dira, urrearen sukarraren gorengo aldian Anton Vogee abenturazale eta argazkilariak egindakoak. 'Michelle Alzola euskal-amerikarrak behar handia egin dau argazkiak topau, Bilbora ekarri eta erakusketea antolatzen', Juanjo San Sebastianek autortu dauenez. Urrearen Sukarra izenburuko erakusketa hori, abenduaren 22ra arte dago BBK aretoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu