Gizarte-sare, Internet eta telefonia mobikorraren erabilera egokiari buruzko jardunaldia Bilbon

Bizkaie! 2010-11-29 13:37

Gaur, hilak 29, goizez eta arratsaldez izango dira saioak, eta helburua, teknologia barrien eta gizarte-sareen mundua sakonago ezagutzea, holakoak modu egokian erabil daitezan sustatzea eta euren erabilpen positiboa egiteko trebeziak, erreferentziak eta gakoak emotea da.

Sabino Arana Fundazinoak 'Gizarte-sareak, Internet, sakelakoa... balia itzazu, zeu baliogabetu barik' izenburuko jardunaldia antolatu dau gaurko, astelehena, hilak 29, Bilboko Euskalduna Jauregian. Saioak goizez eta arratsaldez izango dira, eta helburua, teknologia barrien eta gizarte-sareen mundua sakonago ezagutzea, holakoak modu egokian erabil daitezan sustatzea eta euren erabilpen positiboa egiteko trebeziak, erreferentziak eta gakoak emotea da.

Antolatzaileek azaldu dabenez, goizeko saioa, gazte jenteari (DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa) zuzendua, 10:00etan hasi da, eta saio horretan berba egingo dabe Félix Ruiz Tuenti gizarte-sarearen sortzaileak, Manuel Iarzabal telefonia mobikorrean adituak eta Javier Etxebeste Yahoo Iberiako presidente ohiak.

Gainera, ekitaldia zuzenean be jarraitu ahal izango da Sabino Arana Fundazinoaren webgunearen bitartez: www.sabinoarana.org. Ganera, hiru konbidatuek internautek posta elektronikoz (komunikazioa@sabinoarana.org helbidearen bitartez) egiten deutsiezan galderei erantzungo deutsee.

Bestalde, arratsaldeko saioan (19:00etan), guraso, hezitzaile eta, oro har, jente guztiari zuzenduta, Protégeles izeneko alkarteko egitasmo-zuzendari Jose Luis Zatarainek, Ertzaintzako Informazinoaren Teknologietako Delituen Bulego Nagusiko kide batek eta Javier Etxebestek parte hartuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu