Bilboko Artelan Berreginen Museoa eguenean hasiko da ospatzen bere 80. urteurrena

Bizkaie! 2010-11-24 14:00

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoan Artelan Berreginen Museoak 80. urteurrena eta bere egoitza Mariaren Bihotzaren Eleizan ezartzearen laugarren urteurrena ospatuko ditu, eta Berre-click artea erakusketea zabalduko dau eguenean.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoan Artelan Berreginen Museoak 80. urteurrena eta bere egoitza Mariaren Bihotzaren Elizan ezartzearen laugarren urteurrena ospatuko ditu, eta Berre-click artea erakusketea zabalduko dau eguenean.

Playmobileko irudi ezagunak erabiliz, pinturako zenbait artelan irudikatuko dira uri-ingurunean. Horreen artean egongo dira, besteak beste, Diego Velázquez-en Las Meninas eta La rendición de Breda, Leonardo da Vinciren Azken Afaria, Vincent Van Goghen Logela Arlesen eta Francisco de Goyaren Los fusilamientos del dos de mayo edo El pelele.

Artelan Berreginen Museoan sortuko dan 'kliken urian' arte barruko beste adierazpen batzuk be izango dira, argazkigintzea, berbarako, Espainiako Gerra Zibileko irudi ezagunena dan Robert Caparen La muerte de un miliciano lana edo Charles Ebbetek New Yorkeko Rockefeller Center iparrorratzaren eraikuntza lanetan atara eban Gosaria iparrorratzaren punturik altuenean argazkia irudikatuz.

Museoa bera be irudikatuko da eleiza batean, eta baita bertako zenbait eskultura be, Panateneen frisoa, berbarako. Bilbo Zaharra ingurua Mariaren Bihotzaren Plazako San Frantziskoko Komentuko hondeaketa lanetan ikus daiteke, eta Bilbo bera be Diego López de Haroren klikak irudikatuko dau, Plaza Biribila erakusten dauen biribilgune batean.

Musikearen munduari jagokonez, Beatles taldearen Abbey Road diskoaren azal ezaguna ikusi ahal izango da. Eszena horretan, Beatlesen lau klikek Londreseko kale ezagun horretako oinezkoen pasagunea igarotzen dabe. Errealidadeagaz dauen antza oso handia da eta, holan, Paul McCartney irudikatzen dauen klika oinutsik doa. Giuseppe Verdiren Aida operea eta rock kontzertu bat dira uri berezi horretan ikusi ahal izango diran beste eszenetako batzuk.

Artelan Berreginen Museoa eskaiolaz egindako arte klasikoaren berreginak jasoten dituan Europako museorik onenetakoa da, eta oraingoan, Playmobilen aita dan Hans Beck-en plastikozko irudiakaz egindako koadroak erakusten dituan erakusketeagaz ausartu da.

Hans Beck-ek, klikak diseinau zituanean, umeen marrazkiak izan zituan kontuan, buru eta begi handiak eta irribarrea, trazu xumeen bidez. Holan, beti be irribarrez dagoan irudia lortzen da, eta irudi hori manipulau egin daiteke eta, beste elementu batzuk erabiliz edozein garaitako edo lanbidetako pertsona bilaka daiteke.

Erakusketea eguen arratsaldeko 19:30ean inaugurauko dabe, eta Gabonetako jaiak igaro arte egongo da zabalik. Artelan Berreginen Museoak antolatzen dituan Gabonetako tailerren egitarauaren barruan sartzen da.

Kliken erakusketeagaz lotuta, hamar urtetik beherako umeek marrazki lehiaketa batean hartu leikie parte. Lehiaketeak sari garrantzitsuak dakarz, hainbat neurritako Playmobil kajak eta marrazketarako materialez osotutako sortak. Marrazki lehiaketea 2011ko urtarrilaren 9ra arte luzatuko da, eta erakusketea bisitetan eta marrazki lehiaketan parte hartzera doazen hamar urtetik beherako umeek doban izango dabe museorako sarrerea.


Kapera Sixtinako tartea

Erakusketea zabaltzeagaz batera, Bilboko Artelan Berreginen Museoaren irudia dan Samotraziako Garaipena eskulturearen berregin bategaz apaindutako tartaren mozketak hasiko ditu museoaren 80. urteurrena ospatzeko aurreikusita dagozan ekintzak, eguen arratsaldeko 19:30ean.

Berre-click artea erakusketearen inaugurazino ekitaldira eta ospakizunera hurreratzen diranek ehun tarta txikietakoren bat probetako aukerea izango dabe. Tarta zatiek Kapera Sixtinaren zati baten irudia eroango dabe, eta eremu osoaren poster batean topau beharko da zati hori, Museoaren urteurrena dala eta antolatu dan lehiaketan parte hartu ahal izateko. Lehiaketan, abenduaren 8ra museoa bisitetan daben guztiek hartu ahal izango dabe parte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu