Unai Alonso, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko ikaslea Europako talenturik onena
2010-07-07 15:49Unai Alonso Pinillos, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko ikaslea Euspen Challenge 2010 desafioko irabazle subertau da, nazinoarte mailako Doitasun eta Nanoteknologia Injinerutzako talentuen lehiaketan. Norgehiagoka hau Euspen-ek sustatu dau, Doitasun eta Nanoteknologia Injinerutzako Europako Alkarteak
Unai Alonso Pinillos, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko ikaslea Euspen Challenge 2010 desafioko irabazle subertau da, nazinoarte mailako Doitasun eta Nanoteknologia Injinerutzako talentuen lehiaketan. Norgehiagoka hau Euspen-ek sustatu dau, Doitasun eta Nanoteknologia Injinerutzako Europako Alkarteak.
Lehiaketearen finala Jenan (Alemania) izan da garagarrilaren 1etik 3ra, doitasun injinerutza sektoreko enpresarik garrantzitsuenen egoitza. Bertan, Alemaniatik, Belgikatik, Danimarkatik, Erresuma Batutik, Herbeheretatik, Suitzatik eta Espainiatik joandako 21 talentuk parte hartu dabe hiruko taldeetan nahasturik.
Injinerutzako adar hau, nano eta mikro doitasun injinerutzako fabrikazino prozesuetan, sistemetan, metrologia erremintetan, tekniketan edo azkenengo belaunaldiko materialetan erabilten da. Atomo eta molekula eskalako materien kontrol eta manipulazinorako zientzia aplikatuen esparrua da nanoteknologia eta soluzino abangoardista eta eraginkorrenak eskaintzen ditu esparru zabal batean, balio erantsi handia daben oinarrizko sektoreetan be, besteak beste, automozinoan, aeronautikan, biomedikuntzan, elektronikan edo energia barriztagarrietan.
Finaleko probak
Finalean zenbait proba gainditu behar ziran. Lehenengoa, 30 zm2-ko karratu batean argi zuri uniformea sortzen dauen erreminta optiko bat diseinetea. Horretarako 8 orduko tartea besterik ez euken ikasleek eta materialtzat, LED argi gorria, berdea eta urdina; aluminiozko papera, kartoia, papera, argizaria, etab. Ondoren, asmautako soluzinoa aurkeztu behar zan eta merkatuan emongo jakon erabilerea azaltzea sektoreko enpresa prestigiotsuetako ordezkariz osotutako epaimahai baten aurrean, besteak beste, Carl Zeiss, Jenoptik eta Heidenhain. Unai Alonsok talde irabazlean hartu eban parte, Suitzako Umang Maradiagaz eta Alemaniako Roland Maurerregaz batera.
Unai Alonso Pinillos zein Eskola bereko David Olbera lehiaketearen final aurreneko atalean nabarmendu ziran, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko Makina Erreminta Gelan apirilaren 30ean egin zan estadu mailako finalean, Tekniker zentro teknologikoak eta Eskoleak berak antolatutakoa. Talde irabazlea David Olverak, Asier Fernándezek eta Monterreyko Teknologikotik etorritako Federico Iván Compeán ikasleak osotu eben. Bigarren postuan, Unai Pinillos eta Iker Goitiandiaren taldea geratu zan.
Euspen, lehiaketea sustatzen dauen Alkartea, enpresariak, ikerlariak eta mundu guztian zehar dagozan ganerako 30 herrialdeetako alkarteak artikulau eta kontaktuan jarten dituan sare eraginkor bat da. 1999an Erresuma Batuan eratua, enpresa eta ikerketa institutuen arteko kolaborazinoa dau helburu, nazinoarteko mailan, doitasun eta nanoteknologia injinerutzako garapen teknologikoa sustatzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!